News flash

WEBINARS

Impact of U.S. Election
Results on Climate
Action in the U.S.

Saturday, January 4
Sunday, January 5
Diane Shisk

 

Giza etsairik ez da

Erabateko ziurtasunez esan dezaket ez dagoela giza etsairik. «Etsai» kontzeptua asmakeria da, tresna arriskutsua, gizakiok desbideratu gaituena gure gogamenetako estutasunen aurka eta gizarteetako sistema zapaltzaileen aurka borrokatzetik. Kontzeptu horrek min geruza asko utzi du gure gogamenetan. Oztopo bat da “bat denontzat eta denok batentzat” kontzeptua ulertzeko. “Etsai” kontzeptuak gure espeziearen batasuna oztopatzen du.

Aitzitik, giza etsaiaren kontzeptua onartzeak elkarren aurka borrokatzera eta elkar suntsitzera behartu gaitu. Horrela, gure espezieak egoera arriskutsu ez-gizatiarretan jarraitzen du gerraz gerra: apatxeen gerrak,  siouxenak, Lehen Mundu Gerra, Bigarren Mundu Gerra, Vietnamekoa, Koreakoa, Ukraina, Gaza, Siria, Sudan, Nigeria, Irak, Afganistan eta abar, eta abar.

Gure espezieak erabaki bat hartu behar du. Jarrai dezakegu sinesten hor kanpoan dabiltzan gizakiak gure etsaiak direla eta, ondorioz, txikitu behar ditugula, eta jarraitu behar dugula militarizazioa erabiltzen zapalkuntzaren eta genozidioaren kontra. Edo bestelako jarrera har dezakegu, asaskatzeari ekin eta ikuspegia erabat ezberdin baten alde egin, zapalkuntzatik kanpo erabat kokatutako ikuspegia baten alde, alegia: gizaki oro balioetsiko duena; ulertuko duena estutasunak eta moldeak guztion gogamenetan instalatuta daudela eta gutako inork ez zuela horiek askatzeko aukerarik izan gazteak ginelarik. Porrot handiak pairatu genituen denok gaztetan eta, horren ondorioz, orain molde suntsitzaileak ditugu eta elkarren aurka zuzentzen ditugu. Giza etsai kontzeptua gure egiteak garaitu egiten gaitu gaztetan, eta gainontzeko gizakiengandik deskonektatuta eta isolatuta uzten gaitu; nahastu egiten gaitu gure gogamenean ezarri ziren  borroka goiztiar horiei buruz, eta beste gizakia(k) erruduntzat hartzera bultzatzen gaitu.

Gure arazorik latzena espezie gisa ez da hor kanpoko etsaia: ez dira, esate baterako, ustezko gaizto irandar, judu edo amaleziar horiek. Gure arazorik latzena da gogamenetan instalatutako estutasuna.

Asia Hegoaldeko, Erdialdeko eta Mendebaldeko jaraunspena duten pertsonen Askapenerako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona naiz, eta musulmana eta mizrahi judua naiz. Munduko militar kapitalista boteretsuenek mespretxatu egin dituzte nire biztanleria-taldekoak –besteak beste, irandarrak, irakiarrak, palestinarrak, pakistandarrak, afganiarrak, saudiarabiarrak, yemendarrak, siriarrak eta beste batzuk–, bilioika dolarretako gerrak, gure herrien genozidioa eta gure lurren suntsipena zuritzeko. Izugarrizko arrazoi indartsua behar da bilioi bat dolar (1.000.000.000.000+) baino gehiago desbideratzeko gizakien aldeko zerbitzuetatik, esaterako, ur edangarria, elikagaiak, osasungintza, hezkuntza, etxebizitza eta abar, industria-konplexu militarra bezalako irtenbiderik gabeko industria suntsitzaile batera.

Gure justizia sozialeko estrategietan etsai kontzeptua zeharo baztertu behar dugu inolako aitzakiarik gabe. Ezin diogu horri uko egin. Ez gizakirik. Ez ISISeko, Talibaneko, Hamaseko eta Israelgo Defentsa Indarretako kiderik; ez AEBeko armadako soldaduak, supremazista zuriak, CIAko kideak (Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentrala). Ezta Trump eta Netanyahu ere. Ezin dugu inortxo ere ikus giza etsaitzat.

“Ez dago giza etsairik” ez da inozoek egindako baieztapena. Ez ditu mugatzen gure ekintzak, ezta orainaldian arrazionalki pentsatzeko dugun betebeharra ere, aurrez aurre izan ditzakegun zirkunstantziak direla eta. “Ez dago giza etsairik” baieztapena ez da erraz barneratzen den ideia. Baina, beharbada, horixe izan da bateratzerako bidean aurrera egiteko falta zen pieza: gizateriaren egoeraren testuinguru osoa ulertzeko modu iraultzailea, zapalkuntza mota guztiei mentalki aurre egiteko, eta politika bidegabeen, gerren, eraso militar genoziden eta lurren okupazioaren eta milioika pertsonaren desplazamenduaren aurka irmo borrokatzeko oinarria.

“Ez dago giza etsairik” esaldiak ez du esan nahi orainaldian betikotu ditugun akats eta ankerkerien erantzukizuna hartzen ez dugunik. Horrek ez du esan nahi elkarri ekintza ankerrak egitea galaraziko ez diogunik. Horrek ez du esan nahi egoera horien errealitatea salatzen ez dugunik: hala nola kolonizazioa, okupazioa eta genozidioa. Ez du esan nahi indarra erabiliko ez dugunik gure aurkako indarkeria gelditzeko. (Indarrak adimena erabiltzen du; indarkeriak, ez).

Bateratzerako bidean aurrera egitea izugarrizko eginkizuna da. Baliteke bidea oraindik argi ez egotea eta, zoritxarrez, ez dago eskulibururik. Adierazpen hori asaskatzearen eta berrebaluatzearen argitan mantendu behar dugu, elkarrengana eta arrazionaltasunera hurbiltzen jarraitzen dugun bitartean.

Elkartasunean, Batasuna eta Askapena.

Azi Khalili

Asia Hegoaldeko, Erdialdeko eta Mendebaldeko
jaraunspena duten pertsonen Askapenerako
Nazioarteko Erreferentzia Pertsona

Brooklyn, New York, AEB

Asia Hegoaldeko, Erdialdeko eta Mndebaldeko
jaraunspena duten pertsonen erakusleentzako EBko
e-posta eztabaidarako zerrendatik berrinprimatua

Artikuluaren jatorrizko izenburua:
No Human Enemies
Present Time-n argitaratuta: 215. zk., 2024ko apirila

Itzulpena: Iñaki Kasares

Euskal Herria

 

 


Last modified: 2024-07-29 23:14:57+00