Lorpenak, Esker ona, Etorkizunari begira
Tim Jackins Askapenerako Nazioarteko Erreferentzia Pertsonen eta Komuneko Zapalketen Askapenerako Nazioarteko Erreferentzia Pertsonen lantegi batean.
2024ko martxoa
EB Seattletik kanpo hedatu zen hirurogeiko hamarkadaren amaieran. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hasi ginen lidergoan pentsatzen. Ordura arte, EB elkar ezagutzen zuten pertsona-talde txiki bat baino ez zen. EB ez zen azkar hazten ari, eta, beraz, ez zegoen lidergo behar handirik. Beste gauza batzuk egiten ari ginen.
1972an lehenengo Mundu-batzarra egin genuen eta lehenengo Jarraibideak argitaratu genituen. Gure lehenengo ahalegin osoa izan zen EB hedatu ahala nola funtzionarazi pentsatzea. Lidergo-postuak garatu genituen, hainbat titulu eta formaturekin: koordinatzaileak, Erreferentzia Pertsonak, etab. Erreferentzia Pertsonen maila desberdin horiek garatu genituen, eta zuek, Askapeneko Nazioarteko Erreferentzia Pertsona eta Komuneko Zapalketen Askapenerako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona gisa, horien bertsio bat zarete.
Lidergo-egitura hori gure egungo komunikazio-tresnak existitu aurretik eraiki zen. Komunikazioa oso desberdina zen orduan. Gutunak idazten genituen. Korrespondentziaz betetako kutxak ditugu Elkar Entzutearen Bidezko Berrebaluatze Erkidegoko Baliabideak-en (EBEB). Gutunen idazkera motela zen, eta jendeak ahal zuen neurrian erabiltzen zituen. Altxor gisa gordetzen zituzten eta saioetan erabiltzen zituzten. Baina komunikazioaren geldotasunak ere esan nahi zuen lidergoaren garapena, lidergoaren ulermena eta harremanen eraikuntza –gauza asko– ez zirela azkar egiten.
Lidergo-postuetan geunden ia guztiok lideratzera, lideratzera eta lideratzera mugatzen ginen. Suposatzen da erreferentzia pertsona batek eginkizun zehatz bat bete behar duela, baina ia denok zuzentzen genuen ia dena gure barrutietan.
Nire aita (Harvey Jackins) erabat beharrezkoa izan zen, seguruenik, denbora batez. Berak egiten ez bazuen, ez zen egiten. Denbora behar izan zen nahikoa baliabide garatzeko horren ordezko bat egon zedin, eta baliabideak denborarekin garatu ziren. Gero eta jende gehiago ari zen gauza gehiago egiten. Gero eta gauza gehiago egiten nituen.
“Dena lideratzeko” ohiturak Erreferentzia Pertsonen artean irauten du. Baina gauzak aldatu egin dira. Jada ez da beharrezkoa guretzat hainbeste lideratzea. Beti esan izan dugu “mundu guztiak lideratu dezakeela”. Badakigu mundu guztiak lideratu nahi duela nolabait. Baina oraindik ez gara ausartzen hori onartzen: zuk ez, oraindik ez, agian egunen batean. Hala ere, gero eta pertsona gehiago estutasunetik askatu eta argiago pentsatu ahala, konturatzen gara zein gutxi genekien egungo lidergo-posizioak hartzen genituenean. Orain, gure barrutiko berrogei edo berrogeita hamar lagunek guk orduan genekiena baino gehiago dakite. Seguru asko, barruti bakoitzean jende askok askoz hobeto lideratuko lituzke gauzak guk hasieran egiten genuena baino.
Beraz, berriro pentsatu behar dugu, behin eta berriz, gure posizioetan eta lidergoan. Pentsatu behar dugu zenbateraino mugatu gaitezkeen erreferentzia izatera eta ez jende guztia modu aktiboan lideratzea denbora guztian.
Oraindik beldurtu egiten gaituzte masiboki hazi daitezkeen eta azkar zuzendu ezin daitezkeen akatsek. Beraz, korrika egiten dugu [esku hartzen dugu] eta gauzak egiten ditugu. Baina hori gure beldurretatik dator batez ere. EBren gauzarik zoragarriena –beste edozein gauzatatik bereizten gaituena– geure burua zuzendu dezakegula da. Gure prozesuak zuzentzen gaitu. Prozesu hori erabiltzen jarraitzen badugu, geure akatsekin topo egiten dugu, ezagutu egiten ditugu, asaskatu egiten ditugu eta gauzak gehiago aurreratzen dira. Gure akatsak zuzendu ditzakegu, eta ez geratu trabatuta denbora luzeegian edo txarrean, nahiz eta oraindik horretaz arduratu.
Zein da gure etorkizuna? Zer jakin dezakegu?
Lidergo eskasiak mugatzen du EBren hedapena. Lidergoak markatzen du aldea. Jendeak ikusi behar du norbait gai dela lideratzeko. Horrek animatu egiten ditu, nahiz eta argi pentsatu ez. Norbait aurrera egiten ikusteak animatu egiten ditu: beraiek ere gauzak egin ditzaketela.
Beti animatu izan dugu jendea oinarrizko eskolak irakastera. Horretan jarraitzen dugu, baina uste dut batzuetan zuhurregiak garela. Beldurra izan dugu beste pertsona batzuei ekimena hartzen uzteko, eta, gero, ez gara gai behar bezain sakon edo behar bezain azkar egiaztatzeko. Hala ere, uste dut pertsona askoren artean lortu dugun Elkar Entzute maila dela eta, kezka hori ez da beharrezkoa.
LANTEGIAK
Lehen lantegia 1970ean izan zen, Buck Creek I. Bi aste iraun zuen. Gaur egungo ohiko lantegien bestelako helburu batekin antolatu zen. Seattletik kanpoko jendeari EB osoa bi astean erakusteko sortu zen. Hori zen helburua, une hartan Seattletik kanpo ia inork ez zuelako EB ezagutzen. Lantegia argigarria izan zen, iraultzailea (hitz bat aukeratu!). Ez genekien lantegia zein onuragarria izango zen. Posible zena ikusi genuen.
Baina jende gehiena ez zen asko joaten lantegietara. Ez zuten aukerarik. Baina ez genuen beste erremediorik. Internet eta telefono mugikorraren aurretik zen. Gutako askok urteak eman genituen munduan zehar lantegi bat bestearen atzetik egiten. Ahal genuena azkar egiten saiatzen ginen, ahal bezain zabal. Hori zen geneukan modu bakarra.
Orain ez da modu bakarra. Ez ditugu gauza handiak egin behar denbora guztian. Ezerk ezin ditu lantegiak ordezkatu: aurrez aurre elkarrekin egoteko denbora izateak, lana egiteak eta benetan ezagutzeak. Ez dut uste ezerk ordezka dezakeenik. Baina jada ez da tresna bakarra. Elkarrekin errazago biltzeko eta lan egiteko moduak egon daitezke; adibidez, talde txikiagoetan.
LIDERGOA ZABALTZEA, ERKIDEGOA SORTZEA
Zuetako askok erreferentzia postua beste pertsona bati lagatzeko asmoa duzue. Egitura bat behar dugu gure postuetatik urruntzen garenontzat. Agian, gure baliabideak eta ezagutzak eskatzen diguten edozein lekutan erabil ditzakegu, bidaiatzeko beharrik gabe. Agian hogei pertsonarekin egon gaitezke bi orduz. Zurekin egoteak alde handia ekarriko lieke. Neurri batean, zuk diozuna da, baina, neurri batean, EBk zugan izan duen eragina ikus dezakete. Zu zara honek funtzionatzen duen froga, eta jendeak hori ikusi behar du, esan behar duzuna entzuteaz gain.
Uste dut lidergoa zabaltzeko moduak aurki ditzakegula. Gutako bakoitzak aukeratu gaituzten pertsonen bilduma bat bildu, elikatu eta anima dezake, eta haiekin lan hori egiteko konpromisoa har dezakegu.
Denbora gehiago eman dezakegu erreferentzia ematen irteten diren eta lideratzen duten pertsonei, orain arte egin behar izan dugun guztia egin beharrean. Orain egiten ari garen gauzek merezi dute, baina ez dira beti Erkidegoa eraikitzeko modurik eraginkorrena. Uste dut gure lehen helburua, lider gisa, Erkidegoa eraikitzea izango dela. Une egokia da gure gain hartzeko.
Erreferentzia pertsonak behar ditugu oraindik. Norbaitek hor egon behar du erreferentzia gisa. Norbaitek lideratu behar du posizio horretatik.
ESKERRAK EMATEA
Zuetako batzuk ez zarete hemen egongo talde hau biltzen den hurrengoan. Zuetako askok aurretik inork egin ez zuen eginkizuna egin duzue. Milaka pertsona askatzea ekarri zuen eginkizuna sortu, egokitu eta hobetu zenuten. Datozen lau urteetan alde egingo duzuen gehienok, esaldi zahar bat erabiltzeagatik, “denetarik egin” behar izan duzue (ideia bat errealitate bihurtu). Baliteke norbait lehenago saiatu izana, baina, egia esan, zuek egin duzue hori gertatzeko lana.
Guk, EB Erkidegoak, eta oso zentzu errealean gure espezieak, esker oneko zorra dugu zuekin. Zuei esker mugitu gara zentzu esanguratsuan. Nola edo hala gertatuko ote zen? Denborarekin, bai, uste dut gertatuko zela. Uste dut dena gertatuko dela, baina ez zen gertatuko denbora-tarte honetan zuengatik izan ez balitz.
Eginkizun garrantzitsua bete duzue, eta gutako askok badakigu, ulertzen dugu eta gogoratuko dugu. Badakigu. Garrantzitsua da zuek, urruntzen zaretenok, konturatzea badakigula, eta estimatzen dugula bai egindako ahalegina, bai adimena eta bai maitasuna.