“Aurre egitea erabaki” (iraganeko estutasunei)
Tim Jackins AEBko eta Kanadako Sartaldeko Kostako
Erakusleentzako Lantegian 2024ko urtarrila
Oraindik ikasten ari gara asaskatze eta sendatzeari buruz, baita gogamenaren eta grabaketen arteko ezberdintasunari buruz ere. Teoria argi eta garbi eduki dezakegu eta, ordea, praktikan nahastu. Nahas gaitezke birsubermatzea behar bezain handia denean eta inguruan ditugun baliabideak nahiko txikia direnean.
Nahaste hori argitzeko borrokan aurrera egiteko modu bat da erabakitzea EB teoria zuzena dela, hots, gure gogamena erabil dezakegula gertatu zitzaiguna gertatu arren. Gai baten inguruan zenbat eta estutasun gehiago asaskatu barik dugun, orduan eta nahasmen handiagoa izango dugu horretan. Baina ez dirudi inolako estutasun-metaketak ahalmenik gabe uzten gaituenik. Beti izaten da posible errealitatea zein den ikustea eta norantza horretan abiatzea.
Beti egin dezakegu bereizketa hori –sentimendu zaharren eta egungo errealitatearen artekoa–, iraganean grabatu zitzaizkigun sentimenduak zeinahi direla ere. Badirudi giza gogamenak beti ahal duela errealitatea hauteman eta borrokatu horretara itzultzeko.
Gutako asko birsubermatutako sentimendu-zingira batean esnatzen gara goizero. Batzuk konturatu ahal gara zingira horretaz eta errealitatera joateko borrokatu. Hori egin ahal dugu asko asaskatu dugulako eta gauzak aldatzen direla ikusi ditugulako. Edozelan ere, gutariko askok, gure zingira horretan esnatzen garenean ezin dugu pentsatu horri buruz, bakarrik bizi ahal dugu. Adibidez, birsubermatze horrek tristezia sentimenduak biltzen baditu, ondorioztatzen dugu tristezia sentimendu horiek gaur orainaldikoak direla.
Gure hiztegiak sekula ez du bereizketa hau argi eta garbi egin, alegia, orain sentitzen ari garen hori aspaldi luzean sentitu izan genuela. Harrapatuta geratzen gara “film” baten errepikapenean bezala, milaka aldiz ikusi dugun “film” baten errepikapenean. Grabaketa hori erreala da iraganari dagokionez, baina ez da erreala oraingoari dagokionez.
Hori gehiago bizitzeari uzteko beharrezkoa da erabaki bat hartzea, estutasuna gorabehera. Horrek esan nahi du iragana ez bizitzeko erabakia hartzea.
GRABAZIOAREN AURKAKO ERABAKIA HARTU
Posible da grabazioaren aurkako erabakia hartzea goizero, eta argi eta garbi onartzea sentimendu multzo hori zaharra besterik ez dela. Ez dut esaten hori sentitzeari utz diezaiokegunik. Halako gauzak guztiz desagerrarazteko asko eta asko asaskatu behar da-eta. Baina garrantzitsua da horiek ez onartzea orainaldikotzat eta hori berariaz egitea grabaketa agertzen zaigun bakoitzean.
Oraintxe bertan aldatu nahi izatea
Badirudi ezin dugula grabazioaren aurka erabakirik hartu, baldin eta oraintxe bertan aldatu ezin badugu: “Grabaketatik berehala askatzeko gai izan beharko nintzateke antzemango banu”. Agian ahalko duzu. Baina, nire eskarmentuaren arabera, hori baino askoz lan gehiago behar da. Grabazioa asaskatuz aldatzen da. Asko eta asko asaskatuz aldatzen da. Ez da akatsa denbora luzea hartu behar izatea. Inoiz gertatu behar ez ziren gauzak gainditzeko (sendatzeko) irrika bizian gaude. Hori oso ulergarria da. Baina hori onartzeko kapazak izateak aldatu egiten du gure errealitatearen ulerkera. Eta horrek aldea egiten du.
Estutasunei aurre egin orainaldian
Jakina denez, estutasun horiei aurre egiteko moduetako bat da estutasun horietan lan egitea, horretarako baliabideak ditugun bezain sakon.
Beste modu bat da estutasun horiei aurre egitea orainaldian. Kanporatzeari utz diezaiokegu. Horrela jokatzen dugu ingurukoek ikus dezaten zein minduta gauden, guk erakarriko genukeen baliabideren bat balego bezala behar adina kanporatuko bagenitu. Ez dut uste ahalegin horietan arrakastarik izan dugunik, baina gutako askok egin ditugu. Gazte ginelarik amore eman aurretik jo eta ke jardun genuen horretan ea inor ohartzen zen gutaz.
Zoriontsu izatea erabaki
Baina orain erabaki dezakegu nahasmen horrek ez duela iraungo gure gogamenean. Horren muturreko bertsioa da erabakitzea zoriontsu izango garela. Benaz, erabaki ahal dugu zoriontsu izango garela. Iraganean zentzu garrantzitsu batean zernahi gertatu dela ere, orain ez du axola.
Erabaki al dezakegu zoriontsu izatea? Galdera ikusten dut aurpegiera gehienetan. Tira, saia gaitezen. Bilatu ezazu zure gogamenaren bazter guztietan. Irudika dezakezu zoriontsu izatea? Irudika dezakezu ideia hori? Alegia, kontent egotea bizirik egoteagatik; bizitzarekin kontent egotea, den bezalakoxea dela ere. Ez soilik gogobeteta egotea, baizik-eta pozarren bizirik egoteagatik. Bizitza, edozein modutakoa dela ere, zoragarria da. Eta horrelako bizitza mota berezi bat izatera iritsi gara eboluzio-prozesu luze baten amaieran, non errealitatearekin eta gure artean elkarrekintzan aritzen garen modu zoragarrietan. Hala eta guztiz ere, egun gehienetan ez gara zoriontsu izaten. Ez gara kontent izaten iraganean gertatu zitzaizkigun eta sendatu ezin izan ditugun gauza gogorretara bultzatuak izaten garelako.
Zer da, benetan, gizaki gisa bizirik egotea? Zein dira aukerak? Zein dira plazerak? Zein dira barru-barruan gordetzen ditugun altxorrak? Badago errealitate oso bat, nahiz eta asaskatu gabeko estutasun-lainoek ikustea zailtzen diguten. Susmoa dut estutasunik barik bizirik egotea eta zoriontsu izatea gauza berbera direla, ziur aski.
Eta ez badiegu uzten gure estutasunei arrastaka eramaten, minutu batez bada ere? Ez da larregi eskatzea minutu batez estutasunei ez sinestea.
Gero eta gizatiarragoa izan orain
Estutasunaren aurkako borroketako bat da ez diogula utziko galarazten gero eta gizatiarrago izaten orain. Esate baterako, hau bezain erraza izan daiteke: ondoan dugun pertsonari begiratzea eta berarekin eta geure buruarekin gustura egotea. Oraintxe egin ahal dugu hori. Biratu eta gizatasunez jokatu norbaitekin minutu batez. Gozatu berekin.
Orain saio labur bat egingo dugu, eta lan egingo dugu norabide horrekin ahalik eta hoberen. Nahi dut beste norbaitekin erabat bizirik egon zaitezen. Saia zaitez zeharo pozik egoten zeure buruaz eta talde honetako pertsonekin batera bizirik egoteaz.
Estutasunak nahasgarriak dira eta beti izaten da zoragarria ohartzea asaskatzeak noraino argitzen duen errealitatea.
Biktima izateari utzi
Zer egin ahal dugu orain gure gogamenarekin? Zer pentsa dezakegu estutasun-grabazioei utzi beharrean ezer erabakitzen gure pentsamenduei buruz?
Gutako askok biktima ikuspegitik lantzen ditu estutasun latz goiztiarrak. Biktima izan ginen. Eta dirudi ez diogula horri ezelan uko egingo norbaitek aitortu arte horrelaxe izan zela. Baina baliteke hori ez izatea ikuspegirik eraginkorrena edo ahaltsuena lan egiteko. Horrek ez dio benetan aurre egiten gertatu zenari, behin eta berriro bizi dugu gertatu zena, besterik gabe. Baina zein izan liteke bestelako ikuspegia?
Horietako bat da oker bat izan zela gertatu izana. Gertatu gertatu zen, baina oker bat izan zen. Beste bat da zu horren aurka egotea. Aldatu edo ez, aurka egin zeniezaiokeen. Ezetz esan zeniezaiokeen. Hori zuregana zetorrenean begiratu eta ezetz esan zeniezaiokeen, aldatu ahal izan ala ez. Ez zeneukan zertan ados egon, geldiarazi ezin bazenuen ere.
Beste bat da zuk aldatu nahi izatea hori. Aldatu nahi duzu zure bizitzaren parte hori non estutasun grabaketak oraindik lotzen zaituen. Beste kontu bat da oraintxe bertan hori aldatzeko moduan zauden ala ez. Beharbada egoera batzuetan izan dezakegun eraginkortasuna mugatuta egon daiteke. Baina ez dakit mugarik ba ote dagoen gure gogamenak, edozein egoeratan, erabaki dezakeenarentzat.
Ezer egin ezin dugun tokian ere, aurre egin ahal dugu, eta aurre egitea beti da askoz hobea biktima izatea baino. Gutako gehienontzat biktima-jarreran egoteak amore ematea esan nahi du. Eta hori garaitua izatetik desberdina da oposizioan zauden bitartean.
Errebeldia eta aurre egitea
Beste aukera bat da errebeldia. Hori pixka bat ezagunagoa dugu. “A, bai ?” “Bi urte beldurgarriak” direlako horien antzekoa da hori, gaztetxo batek amore eman nahi ez duenean, nahiz eta ezin irabazi, nahiz eta oker egon. Jarrera hori askoz boteretsuagoa da. Kontua ez da zuzen ala oker egotea. Kontua da gure gogamenaren ikuspegia beste posizio batean jartzea, zeinak gure materiala era eraginkorragoan lantzea ahalbidetuko digun. Eta gauzak errebeldiatik lantzeko modua eta biktima gisa lantzeko modua oso desberdinak dira. Hori askoz hurbilago dago gure helmugatik.
Zeure gogamena da. Nork aldatuko du ba? Zeurea da. Zuk zeuk egiten duzu edo, bestela, estutasunek dena nahaspilatuko dute beti bezala. Baduzu gaitasuna eta aukeratu dezakezu estutasun-grabaketek eragindako sentimenduei eta nahasmenduei aurre egitea, eta ikuspegi horiek aldea egingo dute zure saioetan.
Aurre egitea erabaki dezakezu (iraganeko estutasunei). Horixe da hemen gakoa. Akordio batera edo amore ematera behartu gintuzten txikiak ginelarik. Inoiz ez genuen horretaz asaskatu; beraz, bide horretatik jarraitzen dugu oraindik. Baina hara itzuli gaitezke eta lana burutu, geure ikuspegiak aukeratu ahal izateko eta trabatuta ez geratzeko eragin zizkiguten min horietan.