Klima-krisia Afrikan
“Klima-krisia Afrikan” EB web mintegiko hitzaldi bat, 2023ko apirilean
Ongi etorri. Gure gizarteek zapalketa erabiltzen dute iraun daitezen. Zapalketa guztiekin amaitu behar dugu gizakiak irrazionaltasunetik askatzeko eta, horrela, gure klimaren aurkako mehatxuarekin amaitzeko.
AFRIKAKO KONTINENTEA ETA BERE BALIABIDE NATURALAK
Afrikako kontinenteak berrogeita hamabost herrialde ditu (Afrikako Batasunaren arabera). Kultura eta herri desberdinak ditugu. Amankomunean dugun zerbait da mendeetako esplotazio eta zapalketaren ondoren gure bizitzak berreraiki behar izan ditugula.
Afrikak munduko erreserba mineralen ehuneko hogeita hamar inguru hartzen du, gas naturalaren ehuneko zortzi eta petrolio-erreserben ehuneko hamabi. Kontinenteak munduko urrearen ehuneko berrogei dauka, eta kromoaren eta platinoaren ehuneko laurogeita hamarra ere bai. Munduko kobalto, diamante, platino eta uranio erreserbarik handienak Afrikan daude. Afrikak munduko lur landagarriaren ehuneko hirurogeita bost dauka, eta barruko ur geza berriztagarriaren ehuneko hamar.
ARRAZAKERIAREN ETA KOLONIALISMOAREN HISTORIA
1884-1885eko Berlingo Konferentzian, hamabi gizon europar, estatubatuar bat eta Otomandar Inperioko bat bildu ziren Afrika eta bere baliabideak banatzeko.
Afrika ez da pobrea. Mendeetan zehar ustiatua izan zen. Istorio honen zatirik handiena munduari ezkutatu zaio, eta jende gehienak informazio partziala jaso du.
Arrazakeriak eta kolonialismoak afrikarrak elkarrengandik urrundu dituzte eta zapalketak jarraitzea ahalbidetu dute. Mundu gehienak ez daki hori.
Kolonizazio garaian, etengabeko gezurra zen afrikarrak basati primitiboak ginela, europarrak bezain adimentsuak ez ginela eta erreskate-premian geundela, ez ginela gizakitzat hartu behar eta gure existentzia ez zela errespetatu behar. Narratiba honek gaur egunera arte iraun du.
Afrikarrok mendeetako iruzkin zapaltzaileak jasan ditugu gure kultura, janari, hizkuntza eta bizimoduei dagokienez. Zapalketa horrek jarraitu egiten du eta jendeak afrikarrei entzuteko duen gaitasunari eragiten dio.
1501 eta 1867 artean, ia hamahiru milioi afrikar bahitu, esklabo bihurtu eta Ozeano Atlantikoan zehar trafikatu zituzten, geroago Estatu Batuak osatuko zituzten kolonia britainiar, frantziar eta espainiarretarantz. Estatu Batuetako kostaldeko komunitateak etengabe markatu zituen afrikarren trafikoak, eta tokiko ekonomiak beltzen esklabotzaren inguruan eraiki ziren.
Esklaboen salerosketa transatlantikoak zuri asko aberastu zituen, eta Estatu Batuetako hiri eta enpresa arrakastatsuenetako batzuk eraikitzeko beharrezko kapitala sortu zuen. Familia, enpresa eta erakunde askok esklabotzak sortutako aberastasun handiaz baliatzen jarraitzen dute. Bitartean, herrialde horietako jatorri afrikarreko pertsonek desberdintasun- eta bidegabekeria-legatuaren aurka borrokatzen jarraitzen dute beren bizitzako esparru guztietan. Jende gutxik aitortu edo zintzoki aurre egin dio istorio honi.
Esklabotzak eta kolonialismoak gatazka postkolonialen oinarriak ezarri zituzten Afrikan.
Afrikako kolonizazioa 1800 eta 1960ko hamarkada bitartean gertatu zen. Gure aitona-amonak independentziaren alde borrokatu ziren, eta asko hil egin ziren. Muturreko basakeria eta genozidio saiakerak egon ziren. Adibidez: 1885etik 1906ra, Belgikako Leopoldo II.a erregeak Kongo gobernatu zuen bere kolonia pribatu gisa. Lan-kuota betetzen ez zutenei eskuak edo gorputz-adarrak mozten zizkieten. Belgikarren lehen hogeita hiru urteetan, hamar milioi kongoar baino gehiago hil zituzten.
Britainiar gobernuak torturatu eta hil egin zituen independentziaren alde borrokatu zuten kenyarrak 1952tik 1960rako altxamenduan. Preso-eremuetara bidali zituzten, eta torturatu eta hil egin zituzten. Injustizia horiek ezkutatu egin zitzaizkion britainiar herriari.
NEOKOLONIALISMOA ETA BERE POLITIKA SUNTSITZAILEAK
Independentziaren ondoren, neokolonialismoak hartu zuen lekukoa eta egiturazko bidegabekeriek bere horretan jarraitu zuten. Arrazakeria, sexismoa, kolonialismoa, klima-krisia eta beste bidegabekeria asko egitura sozial, politiko eta ekonomikoetan txertatu ziren, bizitzaren esparru bakoitza borroka bihurtuz.
Neokolonialismoa honela defini daiteke: “herrialde independenteetan sistema kolonialak nahita eta etengabe iraunaraztea, herrialde horiek menderatze politiko, mental, ekonomiko, sozial, militar eta teknikoaren biktima bihurtuz”. Hori beti indarkeria fisikoa barne hartzen ez duten zeharkako bitarteko sotilen bidez egiten da.
2019an, esportatzaile estatubatuarrek mila milioi liberatik gora hondakin plastiko bidali zituzten laurogeita hamasei herrialdetara (Kenya barne), “birziklatuak” izateko. Birziklatzen zailenak diren plastikoak dituzten hondakin gehienak Afrikako ibai eta ozeanoetan amaitzen dute.
Afrika ingurumenaren “sakrifizio-gune” bihurtu da.
Korrelazio bat dago Afrikako baliabideak non dauden eta atzerriko base militarrak non dauden.
Oso gutxitan da segurua politika suntsitzaileei aurka egitea. Neokolonialismoaren aurka altxatu diren lider afrikarrak hil egin dituzte. Patrice Lumumba lehen ministro bihurtu zen hogeita hamalau urterekin, eta Kongoko Errepublika Demokratiko independizatu berriaren kabinetea zuzendu zuen. Torturatu egin zuten, tiroz hil, eta gorputza azidotan disolbatu. 2022ko ekainean, Belgikak Lumumbaren azken gorpuzkiak bere aberriari eman zizkion, hil eta hirurogeita bat urte baino gehiagora. Aktibista asko beldur dira beren eta beren familien bizitzengatik.
AFRIKARREK GAUR EGUN JASATEN DITUZTEN BIDEGABEKERIAK
Herrialdeak arpilatu eta gobernuak saboteatu ondoren, inperialistak mailegu-emaile gisa kokatzen dira. Finantzario horiek hondamena eragin dute Afrikako ekonomietan. Mailegu-akordioek “egiturazko erreformak” dituzte, jendea pobrezia-ziklo batean harrapatzen dutenak: autosostengarritasuna sustatu nahi dute, baina horren ordez langabezia eta oinarrizko zerbitzuen kostua handitzen dituzte.
Munduko mailegu-emaileek presioa egin zuten Ghanako ondasun eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko. Horien artean, ura. Orduan, edateko ura ordaindu zezaketen komunitateentzat bakarrik zegoen eskuragarri. Ordaindu ezin zutenek iturri ez-seguruak erabili behar izaten zituzten, hala nola ibaiak eta urmaelak, eta ondorio larriak izaten zituzten osasunean.
Kontinentea nahita ezegonkortu dela erakusten duten adibide gehiago daude, eta arrazismoa eta estereotipoak ere, errua kontinenteari eta kontinenteko jendeari helarazten diotenak.
Estereotipo bat da “afrikarrak borrokan ari direla edo beti daudela gerran”. Hala ere, Afrikari armak emateari buruzko bilaketa bat egiten bada Interneten, hauek dira agertzen diren titularretako batzuk: “AEBk bederatzi milioi dolar ematen ditu armetan”. “AEBk hirurogei tona arma baino gehiago ematen dizkio Somaliari”.
Gure bizitzako uneren batean, afrikarrok konturatzen gara bizitzaren alde borrokatzen ibili behar izan genuela edo borroketako zaurietatik sendatzen, beste aukerarik gabe. Inoiz ez genuela izan besterik gabe existitzeko aukerarik.
Aurrekoak dira afrikarrek aurre egin behar dieten erronketako batzuk, klima-krisia kontuan hartu aurretik ere.
Klima-larrialdia “mehatxu-biderkatzailea” da aipatutako bidegabekeria guztien aurka borrokatzen jarraitzen duten komunitateentzat.
KLIMA-LARRIALDIA AFRIKAN
Afrikak honako honi egin behar dio aurre:
- Ipar Globaleko hondakin toxikoen isurketak eta gure baliabide naturalen meatze-ustiapenak gure lurra eta ura pozoitzen dituzte.
- Afrikak berotegi-efektuko gasen munduko isurketen zati txikiena ematen du, % 3,8rekin soilik, baina klima-aldaketaren aurrean munduko kontinenterik ahulenetakoa da, Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Adituen Taldearen (IPCC) arabera.
- Nazio Batuen txostenaren arabera, 2030erako Afrikan 108 eta 116 milioi pertsona artean itsas mailaren igoeraren arriskuaren eraginpean egotea espero da.
- Azken berrogeita hamar urteetan, lehortearekin lotutako arriskuak milioi erdi pertsona baino gehiago hil ditu eta hirurogeita hamar mila milioi dolarretako galera eragin dute eskualdeetako ekonomietan.
- Carbon Briefek hondamendien erregistroei buruz egindako analisiaren arabera, 2022. urtearen hasieratik Afrikan izandako muturreko fenomeno meteorologikoek gutxienez lau mila pertsona hil dituzte eta hemeretzi milioi gehiago kaltetu.
- Seiehun pertsona baino gehiago hil dira hamarkada batean Nigerian izandako uholde larrienetan.
- Afrika hegoaldeko ekaitz tropikalek milioi erdi pertsona desplazatu zituzten hiru hilabetean soilik 2022an.
- Tenperaturak 48ºC/118ºF-ra iritsi ziren Tunisian uztailean, eta muturreko baso-suteak eragin zituzten.
- Ia bi milioi pertsona kaltetu ziren Txaden 2022ko abuztuan eta urrian izandako uholdeengatik.
- Ia 250 milioi afrikarrek ur eskasia jasango dute 2025ean.
- Laurogeita sei milioi afrikarrek etxetik alde egin beharko lukete 2050ean.
ZER EGIN DEZAKEGUN ETA ZER GOGORATU
Afrikarrok gure berezko ontasuna gogoratu behar dugu eta, aldi berean, aitortu behar dugu mezu arrazistak nola bereizi eta sinistera eta barneratzera eraman gaituzten. Lidergoa hartzen ari gara, eta gure kontinentearen zapalkuntzari eta ustiapenari eta klima-krisiarekin duen harremanari buruzko informazioa partekatzen ari gara. Indartsu gaude gure etorkizuna negoziatzen den lekuetan. Ekimenak gidatzen ari gara, hala nola basoberritzea, eta politika onen alde egiten ari gara gure herrialdeetan. EB Erkidegoan laguntza-taldeak, web-mintegiak eta klima-krisiari buruzko lantegiak zuzentzen ditugu.
Zer egin dezakete afrikarren aliatuek:
Argitasunez eta zintzotasunez eraiki ditzakegu harremanak. Saio zintzoak behar ditugu Afrikaren eta afrikarren aurkako arrazakeriari buruz: Zer entzun, ikusi, esan edo egin duzu Afrikari eta afrikarrei buruz?
Elkarri eskua luzatzen jarrai dezakegu zatiketen gainetik. Horren zati bat da osoki, garen bezala, agertzea. Zer sentitzen da hori egitean, hemen egotean? Nolakoa litzateke afrikarren duintasuna errespetatuko lukeen mundu bat? Zerk eragozten digu afrikarrak, zeintzuekin harremanean jarduten dugun, gure berdinak bezala tratatzea?
Gure borrokak argi eta garbi erakuts ditzakegu, gure elkarlanean tartean sartzen direlako. Zapalketa historikoan oinarritutako estutasun-moldeak ezin dira gure harremanen parte izan.
Arrazakeriaren aurka lan egiten jarrai dezakegu, kolonialismoaren eta inperialismoaren inguruan gure herrialdeen historiari buruz ikasten, eta ikasten dugunetik abiatuta hartu nahiko genituzkeen neurriak onartzen.
Zeregin handia dugu: elkarrekin lan egitea klima-krisia geldiarazteko. Horretarako zapalketarekin amaitu behar dugu.
“WK”
Africa
Artikuluaren jatorrizko izenburua:
The Climate Crisis in Africa
Present Time-n argitaratuta: 213. zk., 2023ko urria
Itzulpena: Juan Gabriel Urriategi
Euskal Herria