News flash

WEBINARS

Sustaining All Life: Report Back
Sunday, November 24
Janet Kabue
Iliria Unzueta
Teresa Enrico

 

Huts bat egin dugu. "Gizonezkoen Menderakuntzaren eta Sexismoaren Eragina Hizkuntzan" artikuluaren esteka hau da: pt189_146_xob.

Gai honek zurekin zerikusirik ez duela pentsatzen edo sentitzen baldin baduzu, orduan bereziki zuretzat egina dago; honela baita Hizkuntza Zapalketaren eragina: “ni ez nau eragiten”.

IDATZIZKO HIZKUNTZA, AHOZKO HIZKUNTZA ETA BEREN ASKAPENA.

Duela astebete RC proiektu-kidea dugun Tim Jackins-ek gomendatu zidan Hizkuntza Askapenaz hitz egiten jarraitu behar dudala gure EB nazioarteko erkidegoetan.

Artikulu hau Hizkuntza Askapenazditudan ideia batzuen laburpen saiakera bat besterik ez duzu, bide horretan.

Has gaitezen lau puntu oinarrizko gogora ekartzen:

  • Hizkuntza Askapena   gainerako zapalketak (arrazakeria, klasekeria, genozidioa, sexismoa, heldukeria...) deuseztatzeko ahaleginean ezinbesteko tresna dugu, hizkuntza erabili baita talde menderatzaileen boterea, egitura eta euren status quoaren pribilegioak bere horretan mantentzeko.
  • “Lanabes-gako” dugu egoera zapalgarriak egoera zuzen bilakatzeko, zapaldutako taldeei kentzen zaizkien lekua, denbora, ikusgarritasuna, protagonismoa eta ahotsa ziurta baititzake.
  • Munduari buruz zenbat eta ikuspegi gehiago- eta ikuspegi hauen zenbat eta ñabardura gehiago- barnebildu eta batu ahal izan, orduan eta osoagoki asmatuko dugu elkarrekin hartu beharreko bidea askapen beterantz.
  • Hizkuntza askapenaren erdiespena eta indarra (edozein zapalketatan bezalaxe) esleituko zaizkion pentsaera eta baliabideen tamaina bezain indartsua eta sakona izango da

ZERGATIK GIZA HIZKUNTZA?

Gizakiok batzen gaituena, elkartzen gaituen, hurbilago kokarazten gaituen, elkar ulertzera ekartzen gaituen, bat eginda gaudela sentiarazten gaituen guztia askatzailea da, askapena da.

Gure artean zatiketa, banaketa, bananketa, bereizketa, aurrez-aurre koka araztea, desberdintasun gaindiezinak... egotea ezinbestekoa dela eta mailakatuta eta bereiziak gaudela esatera datorren guztia ez da giza izateari dagokion berezko ezer.

Sortu gara lotuta, berdinkidetasun zentzu apal indartsu mugagabe batek elkar hartuta, elkarren artean etengabe komunikatuta egoteko. Hauxe da gure sorburuaren izatea eta gure patua: gizakion bizipen gizatiarra komunikaziozkoa dugu. Eta hau honela izan dadin beharrezko diren ezaugarriez eta baliabidez osatuta etorri gara mundu honetara. 

Komunikatuta egoteko gizakiok dugun era garrantzitsu bat hizkuntza dugu, bai ahozkoa, keinuzkoa zein idatzizkoa. Estutasunik tartekatu ezean gure komunikazioa garbia, lagungarria, zehatza bezain ederra eta atsegina izan ohi da, behin eta berriz egin nahi genukeen ekintza, bai ahoz, bai zeinuz, bai idatziz, bai abestuz, bai elkar ukituz...

Ongi komunikatzen dugunean elkarrekin ikasi egiten dugu, irakatsi, ulertu, hazi, garatu, elkarrengana erakarri, aldeak gainditu eta mugak bota, zatiketa deuseztatu eta elkarrez- erremediorik gabe- maitemindu egiten gara eta maite ere dena maite ohi dugu.

Giza ekintza ezinbesteko horren arrakasta bermatzeko hizkuntzak sortu genituen; benetan konplexu eta sakona den giza adimen jardun ederraren adibide bikainak.

Denok gai gara modu batera edo bestera elkarrekin komunikatzeko eta jarduera atsegin eta logiko horretatik aberastuta ateratzeko; komunikatu aurreko egoeran baino lotuagoak, indartsuagoak eta adimentsuagoak ateratzen gara komunikatu ondoren, estutasun gabeko egoeran. Elkarren berri izatea, bakoitza mundua nola ulertzen, ikusten, bizitzen, sentitzen eta maneiatzen ari den jakiteak gara arazten gaitu denok batera aurrerantz.

Komunikazioa galarazten duten estutasunak tarteko direnean gure artean nahasmena sortzen da, urrutiratzea, mesfidantza, kritika, gatazka eta ... zapalketa. Akomunikazio, deskomunikazio, inkomunikazio honen mutur egoera gudazkoa genuke.

Giza ekimen baliotsua den komunikazioa eman dadin gizakiok akats gabe hornituta gatoz mundura. Zenbat eta gehiago komunikatu elkarren artean eta komunikazio hori zenbat eta garbiago eta logikoago izan, orduan eta loratze sendoago, ziurrago eta orokorragoa gertatzen da. Ez dago talde baten loratzearen arrazoietako baten baten parte izatea bezalakorik gizakiontzako.

Horregatik pentsatzen dut EB erkidegoetan komunikazio agi hori ahalbidetzen digun tresna baliotsu hau aintzat hartu, ulertu eta zaindu beharra dagoela: giza hizkuntza.

Giza hizkuntzak itxura eta egituraketa hainbat hartzen du testuinguruaren eta hizlarien arabera. Guk EB erkidegoetan nagusiki bi erabiltzen ditugu komunikatuta egoteko: ahozko hizkuntza eta idatzizkoa.

IDATZIZKO HIZKUNTZAREN ASKAPENA

Idazketa irakurlearen loratze prozeduran iradokitzaile suertatzea da gure EB jarduera idatziaren helburua. Idazleari berari soilik ez, baizik eta irakurleari idatzizko komunikazioa loragarri suerta dakion gertaera batzuk ziurtatu eta beste batzuk ekidin ditzakegu.

Jarraian, gure erkidegoetako elkar entzule batzuk baliagarriak direla berretsi didaten neure ideia eta praktika batzuk jarri dizkizut, jarraibide proposamen xume moduan uler daitezkeenak, zeuk ezagutu eta froga ditzazun, hala nahi izanez gero. Seguru asko zeuk ere izango dituzu zure trikimainak idaztea denoi loragarria gerta dakigun.

IDATZI BAINO LEHEN

-1.Gogoratu ohi dut idaztea benetan gauza garrantzitsua dela eta gogamen askoetara helduko naizela, beraz neronen eraginaren tamainaz asaskatu nahi izaten dut lehenago, hartara errazago ekidin baitezaket idaztera bultza nazaketen estutasunezko jokabideak edo sasi-helburuak (berezia izan, jendea harritu, miresmena sortu nahia, eztabaida piztu, arreta gai zehatz batetik desbideratu...).

-2.Honekin batera irudikatu ohi dut nork irakurriko duen, EB erkidegoetako milaka pertsonari idazten ari natzaiola oroituz. Horrek bainarama konturatzera kultura, hizkuntza, ohiturak, sinismenak, sentimenduen ulermena, mundu interpretazioaren eta ikuskerak, bizipenak, ideiak, ideien gizarte adierazpenak, emozioen kudeaketa, ordutegia... ezberdinak dituzten pertsonei zuzenduko natzaiela, ni bezain jakintsuak eta ni bezain zuzen dabiltzanak.

Beraz idatzi nahi duguna errazago helduko da horren irakurleria zabalarengana

gure ohiturak, sinismenak, moduak, estiloak, hitz jokoak, esaerak, esamoldeak, pentsaerak eta horien hizkuntzazko adierazpenak ... bakarrak eta ezagunak ez direla aurreikusteko ahaleginean gure arreta jartzen baldin badugu, idatzi baino lehen eta bitartean.”

Niri burura datorkit horrelako ariketa izan litekeela proposamen baliagarria gure nazioarteko erkidegoetara edozer komunikazio idatzi aurretik, eta, batez ere egunero burutzen ditugun horietan, EB e-zerrendak, esaterako. (Hemendik aurrera testuan Proposamena I bezala aipu egingo diot proposamen horri).

-3.Ondoren idatzi nahi dudan horri buruz behar bezain beste saio egiten ditut ziurtatzeko horixe dela idatzi nahi dudana eta hauxe dela unea horren berri erkidegoei emateko.

-4.Geroxeago saio pare bat -gutxienez- eduki ohi dut idatzi nahi dudana argitzeko eta erabakitzeko nola idatzi eta zein ordenetan ideiak eman, zenbateko luzeraz eta nolako sakontasunez idatzi ...

-5.Lagungarria izango zaigu, beti ere, saio bat baino gehiago edukitzea idazteko hautatuko dugun hizkuntzari buruz. Nik hiru hizkuntzatan ekoiztu ohi ditut nire artikuluak momentuan diren baliabideak aztertu ondoren. Horretan erabakiak hartzeko orduan niri ongi etorri zaizkidan galdera batzuk hemen jarri dizkizut:

-Zergatik eta zertarako idatzi nahi dut hizkuntza honetan?

-Zein dira une honetan hizkuntza hau erabiltzeko abantailak eta zein eragozpenak?

-Orain ba al dago beste hizkuntza itzulpenik eskura niretzat gure nazioarteko erkidegoetan? 

ZEIN HIZKUNTZAZ IDATZI:

Zein hizkuntzatan idatzi behar genukeen gure EB erkidegoetako komunikazio idatzietan?

Galdera interesgarria dugu. Nik uste dut erarik egokiena izango litzatekeela nork bere hizkuntzaz idazteko aukera izatea eta, ondoren, idatzizkoa ahalik eta jende gehien uler dezan hizkuntzara ematea; gaur egun ingelesa. Hori batzuetan egin daiteke, bestetzuetan ez dugu oraindik nahiko baliabiderik bildu ahal izan.

Hala eta ere interesgarria izango litzateke ingelesa hiztuna ez den norbaitek ingelesaz idatzi nahi duenean, idatzi ahal izatea, eta - nire kasuan bezala- ingelesa ongi menderatzen ez denetan ziurtatzea ingelesaz idatzizkoa ulergarri izango dela. Kasu horretan, behin baino gehiagotan aipatu egin zait badela pertsonarik gure EB erkidegoetan ingelesaz ematen diren idatziak denentzako ingelesa ulergarriagoan emateko prest daudenak.

Ingelesa lehen hizkuntza eduki eta horrelako idaztiak ingelesa “formalera” edo “zuzena”-ra itzultzeko prestutasuna luketen eb-lari batzuen zerrenda osatzea izan liteke gure hurrengo urratsetako bat. Horri deituko diot II Proposamena . Pertsona horiek harremanean egongo lirateke ingelesaz idatzi duen idazle hiztun ez ingelesarekin testua ulergarriagoa egiteko prozeduran esan nahirik ez dela aldatu ziurtatzeko.

Ingelesa “erraza” edo “formal” hori ere garrantzitsua litzateke ingelesa hiztunek erabil baldin balezakete, Proposamena I- ean aipatzen den ildotik.

Nik uste dut II Proposamena aurrera eramateko bezain besteko oharmena eta gaitasuna garatu ditugula gure EB erkidegoetan.

ZEIN LUZE-ZABALETAN IDATZI?

Gure eguneroko komunikazio arruntetan (EB e-mail zerrendak, esaterako) nik beti eskertzen ditut orrialde bat baino gehiago ez duten ingelesezko idaztiak. Nirea ez den hizkuntza batean irakurri behar izateak eskatzen dizkidan ahaleginari eta denborari eusteko gai naiz orrialde batez, arretatsu. Hortik aurrera zailtasunak hasten zaizkit, idazkiak ez baditu Proposamena I- ean jasotzen diren ezaugarriak aintzat hartzen.

Oso lagungarri suertatu zait beti idazleak eman nahi dituen ideia gakoen laburpen batez idaztia hasieratik laguntzen duenean. Niretzat hori jarraibide egokia izango litzateke gure EB erkidegoetan, gehien bat ingelesa* hiztunak direnen aldetik edo berau txikitatik ongi menderatu dutenen partetik. Honi deituko diot III Proposmanena.

Idazti ez horren arruntetan (Present Time, aldizkariak...) gaitasun gehiago topatzen dut nigan irakurgai luzeei ekiteko. Nire burua nolabait prestatzen da epe luzeko irakurketarako, jakinda testu horietan lanean gogamenak aritu direla idatzizko hizkuntza ulergarria izateko eta irakurketa errazteko.

IDATZI ONDOREN

Eta, noski, idatzitakoa bere helmugara bidaltzeko “aurrera” tekla sakatu eta gero beti gogoko izan ohi dut saioren bat egitea, lotsa, damua, hanka sartu izanari beldurra, buru-gaitzespenen arrastoa edo kritikei izua eta abarrak garbitzeko, etorkizunean hurrengo idazte ariketarik galaraz ez diezadaten. 

AHOZKO HIZKUNTZAREN ASKAPENA

HIZKUNTZA NAGUSITUTAKOAK-MENDERATZAILEAK ETA HIZKUNTZA GUTXITUAK-MENDERATUTAKOAK

Idatzizko hizkuntza bezalaxe, gure arteko loturaren bermaren berrespenerako tresna onenetako bat dugu ahozko hizkuntza.

EB-n gure artean komunikatzeaz gain ahozko hizkuntzak badu beste eginkizun garrantzitsua: asaskatze mota batzuk ahalbidetzea, komunikazio kognitiboaz harantzago. Eta ahozko hizkuntza ere bada tresna bat baino zerbait konplexuagoa.

NIRE HIZKUNTZA LEDUGUNE BAT DA:

ni neu guztiz izan naitekeen lekua;

ni bizi, izan, maite, negar egin, amestu, barre egin, injustizien aurka amorru eta oihu egin dezakedan lekua;

ni naizen moduan nire burua maite dudan lekua;

ni maite nautenek maite eta errespetatzen ditudan lekua;

ni neu orainaldian eta present izateko lekua;

ni aitortua izateko lekua;

ni neu ikus arazia izateko lekua;

ni taldeko beste bat eta beste denak bezain ezinbesteko izateko lekua;

ni salburik egoteko eta adimentsu izateari eusteko lekua;

nire hitzek bizitza hartzen duten lekua;

nire arbasoek bizirik aritu diren eta biziaz, ludiaz eta unibertsoaz ideiarik onenak asmatu dituzten lekua;

nire arbasoei, horregatik guztiagatik, ohore egiteko lekua;

nire arbasoei ni honaino bizirik ekartzeagatik eskerrak emateko lekua;

nire jendea eta neu ere erreal bihurtzen garen lekua;

nire hizkuntza ene Etxea dut, hots, bizitzak zentzu guztia hartzen duen lekua.

LOTURA

Asaskatzen ari garenean, hitzen esanahiek duten garrantziaz gain, bada saioa bi ekimen adimentsuen konbinaketa bikainaren dotoreziaz burutzea ahalbidetuko duen beste auzi bat: bi eb-larik duten harremanaren loturaren indar mugagabe osoa. Hori nik “lotura”-tzat zehazten dut; estutasunen sinesgarritasun mailarik gorena bertan behera utz dezaken agia. Gogamenean eman daitekeen benetako iraultza.

Lotura hori beti dago gizakiongan; gure jite gizatiarraren berezko ezaugarria dugu. Estutasunak dira lotura hau ez dagoela sentiaraz diezaguketenak, edo lotura desagertu dela une batez edo eten egin dela... Baina, lotura eguzkia bezalakoa da, beti egoten da, guk ikusi ala ez ikusi. Denok gure berezko gaitasuna dugu konturatzeko elkarrekin bat eginda gaudela gainerako izakiekin batera, inolako zatiketarik gabe, agertoki unibertsal akasgabe honetan, milaka loratze bidetan murgildurik, berorrek ziurtatzen duen errealitateaz ohartzeko prest . Hori horrela ikusten uzten ez gaituen bakarra estutasunak ditugu. 

HIZKUNTZA ZAPALKETA IRAULIZ, ASKAPENA PRAKTIKATUZ.

LOTURA ETA HIZKUNTZA ASKAPENA: PARTAIDE NAIZENEAN

Ohartu naiz nire entzuleak nirekin bat eginda sentitzen direnean beren onena eta nire onena – hau da gure onena- ematen dugula EB ekimenetan. Saioan, adibidez, ez da garrantzitsuena entzuleak ulertu ahal izatea neu zer asaskatzen nabilen, nahiz eta hori beti lagungarria izan ohi den. Ba da hori baino gakoago den beste gertaera bat saioan, emaitza guztiz baldintza dezakeena: nik, partaide naizenean, nire gogamenera sartzeko sarbidea irekitzea entzuleari. Hots, lotura hau ohartsuki baliatzea. Hori ekintza benetan indartsua da, nire estutasunen aurkako armarik ahaltsuena dela uste dut.

Azken urteetan gero eta argiago behatu ahal izan dut maiz hizkuntza zapalketak eragoz dezakeela lotura hori. Horregatik, partaidea naizenean entzulea nire gogamenaren barruko prozesura erakartzen saiatzen naiz eta horretarako erabili ohi dut, besteak beste:

  • entzulearen hizkuntzaren hitz bat edo beste, nire hizkuntzatik ezberdina denean, edo
  • esaera ohikoa ahoskatu “ Ona, zu ikustea”eta benetan sumatu eta aztertu esaldi horren esanahia, zehaztasunez behatuz zein modutan zaidan ona bera berriro ikustea. Maiz erabili ohi dut esaera hori bere hizkuntzaz eta horrek botere berezia eransten dio gure loturari. Saioaren lehendabiziko hamar hamabost minutuak eman ohi dut norabide horretan eta ondorengo saioaren denboran arretak ez du hainbeste joan nahi estutasunetara. Errealitatearen ozeanoko azal distiratsuaren gainean igeri egiten jarraitu nahi du.
  • begirada isil luze bat bere begietara, ene estutasunak edo entzulearenak zarata egiten hasi baino lehen.
  • edo bere izena behin eta berriz esan eta ohartsu izan bion arteko une horretaz.

Nolabait, ahalegina egin ohi dut bera nire prozesu osoaren lekuko eta parte hartzaile izan dadin, beraz, bere presentzia osoa hartuko dudala jakinarazten diot, argi utziz hizkuntza ez dela horretan traba bat izango, laguntza baizik. Aurretik ezarri behar dugun loturaren laguntza.

HIZKUNTZAK ELKARRENGANA HURBIL GAITEZEN, ARE GEHIAGO: ENTZULE EGINKIZUNEAN

Eta horixe bera bueltan gertatzen denean, hots, nire hizkuntza ez duen partaideak niri jakinarazten didanean hor egongo dela nitaz ohartuz eta ni berarekin ehunean ehun egon nadin prest eta irekita, saioa bikain joan ohi da.

Hori gertatu da erraz berak ere aintzat hartu duenean hizkuntza ezberdinak direla harremanean, berea ez dela bakarra eta garrantzitsuena. Nire hizkuntzaz gutxieneko jakin nahi apur bat erakusten baldin badu nirekiko jakin nahia aitortzea da eta ahalbidetzen du konturatzea komunikazio dimentsio guztiaren osoaren erabilgarritasun guztia lortzea bion aldeko jarreran dagoela eta ez bakar baten ahalegin betean soilik.

Bera partaide delarik, bere aldetiko hizkuntza keinuren bat erabakigarri izan da bertan behera uzteko hizkuntza zapalketak – besteak beste- ezinezko bezala aurkeztu nahi ohi diguna: bion arteko lotura erabatekoa gertagarri dela. Baldintza horietan inoiz ez naiz nahastua ala galduta sentitu entzule gisa.

Hizkuntza zapalketak batez ere desitxura dezake EB ekimenean bakoitzak jokatu behar lukeen eginkizun gako hori, eta iguripen faltsuak sorrarazten ditu. Hurrengo pasartean hori azaltzen saiatu naiz.

HIZKUNTZA GUTXIARAZITAKOAK-MENDERATUTAKOAK : "BARNERATURIKO GUTXIAGOKERIA"

Nire hizkuntza

  • gutxitua -gutxiengo batek soilik hitz egiten du- izateaz gain
  • gutxiarazitakoa ere bada- nahita izan da behartua gutxitzera, bere erabilpena eta hedapena murriztera eta baztertzera, debekatuta egotera edo jazarria izatera. Batzuetan legedia eta gizarte politikaren araudia horretarako sortuta eta erabilirik; besteetan indarkeriaren indarkeriaz.
  • eta isolatutakoa- bere hizkuntza sendiarekin harremana galdu duena edo sendirik aurkitu ez zaiona-.            

Baldintzapen hori nire portaeran isla daiteke neu ez banabil adi. Horri deitzen diot “barneraturiko gutxiagokeria” eta honelako adierazpenak har ditzake: erraz – eta kanpoko eragilerik gabe- nire kabuz jo dezakedanean gutxiago sentitzera, bestearen hizkuntzaz hitz egitera, ene burua bultzatzera erdigunetik ertzera... nire garrantzia eta esangura ahaztera, ematera (asaskatu gabeko genozidioaren ondorioek bertakok utzi gaituzten modua da; ohiko joera izan ohi dugu indigenook dugun guztia ematekoa, hartara txuri jendeak edo inbaditzaileek bizitza barkatuko ote diguten eta joan egingo diren gu bakean utzirik...) eta laburbil daiteke honela: “nik ez dut -honenbeste, hainbeste... - merezi”. Horrek gure EB proiektuan eragina eduki badauka.

HIZKUNTZA NAGUSITUTAKOAK-MENDERATZAILEAK : "BARNERATURIKO GEHIAGOKERIA"

  • hizkuntza nagusiek -munduan zehar hiztun gehien dituzten hizkuntzak- eta
  • hizkuntza nagusitutakoek -estutasunek hizkuntzei ez dagozkien estatusa eta garrantzia eman dizkieten hizkuntzak: besteak baino garrantzitsuagoak direla, besteak baino gehiago direla, osoagoak, egokiagoak, hobeagoak, estatus gehiagokoak etab.- eta
  • hizkuntza menderatzaileek -beste hizkuntza batzuk, orokorrean gutxituak, beren botere edo aginte esparrupean hartu dituzte eta euren interesen arabera moldarazi, maneiatu eta baldintzatu egin dituztenak-

Hizkuntza hauek dira nirea inguratzen dutenak. Ikusi ahal izan dut hizkuntza nagusitutako-menderatzaileetako zapalketa horren arrastoak beren hiztunengan topa daitezkeela - neurri handi batean oharkabean praktikatzen direnak- beraien kultura eta hizkuntza nagusitu arazi dituen kapitalista edo inperialista jite duten herrialdeetan bizitze hutsagatik. Horri deitzen diot “barneraturiko gehiagokeria” eta, oro har, gauzatzen da beraiek bezalakoak ez diren gainerako kultur edo gizarte taldeak gutxiago balira bezala sentitzean, ikustean eta pentsatzean. Beren egoera eta jokabide arrunta da espero izatea hizkuntza gutxitutako pertsonak beraien erara, erritmora eta estilora moldatuko direla eta haiengandik jasoko dituztela, esker onik, miresmenik, profitarik edo mesederik, oharkabean gehi-gehienetan. Estutasunezko joera orokor eta laburbildua izan ohi da: ”gehiago behar -merezi- dut, edo ...-k baino gehiago merezi dut.” Horrek eragin nabarmena izan ohi du gure EB ekimenetan. Zuri jende kopuru nabarmena duten EB ekimenak ni bezalako indigeno batentzat oso erronkatsuak suertatu ohi dira, esaterako).

BARNERATURIKO GUTXIAGOKERIA ETA GEHIAGOKERIA GAINDITUZ, EB SAIOAN

Bi barneraturiko zapalketa horiek gainditzea da EB praktikaren helburu nagusia, eta bakarra da gerta daitekeen unea: Bi gogamenak berdinkidetasunezko harremanean elkarren adimenak elkarrekin askatzean. Horretarako hona hemen nire baieztapen bat:

Gure EB nazioarteko erkidegoetan beti argi eduki behar genuke ingelesa ez hitz egitea kide asko eta askoren egoera naturala dela eta ez dela inondik inora gabezia, gaitasun eza ala ardura eza ingelesa ez hitz egitea edo ez ezagutzea. Estutasunik gabe, berez guzti-guztiok hurkoaren hizkuntza jakin eta hitz egin nahi genuke, gurea bezain beste.

Hori norabide bezala proposatzen dut bi barneraturiko zapalketok asaskatzen eta gainditzen joan gaitezen.

BARNERATURIKO GUTXIAGOKERIA

Hizkuntza nagusitutako-menderatzaileetako pertsonaren batekin saioan baldin banaiz oso lagungarria suertatu izan zait pertsona horrentzat modelatzea partaide bezala nola egin diezaiokedan lekua berari ene saiora sar dadin, ene gogamenera sar dadin, nire bizitzera sar dadin, nirekin batera murgil dadin ene asaskaldian eta loratzean. Era lagungarria da nire “barneraturiko gutxiagokeria” eteteko eta dagokidan botereari eusteko. Goian eman ditugun norabideez gain beste batzuk ongi ibili dira: bere hizkuntza aintzat hartu dudanean -nirea ulertu ezin izan duenean- agian nire saioaren hasieran edo bukaeran landu dudanaren laburpen bat emanik, bere begietara luze eta maitekor begiratuz, ene hizkuntzaren maitasunezko hitz kutunak esan, bere eskua nire eskuetan hartu eta sehaska kantaren bat abestuz,laztanduz...

Berak jaso duen bere herrialdearen jite nagusitu edo menderatzailearen eraginez errazago ahantz bait dakioke elkarrengana muga guztien gainetik hurbiltzeko ahalegin serioa bion kontua dela, bioi dagokigun ahaleginik adimentsuena dela une horretan. Era asko zuk zeuk aurkituko dituzu bidean. Adore! 

BARNERATURIKO GEHIAGOKERIA

Berak bere saioan ahalegina egin izan duenean konturatzeko hor nagoela ni, ene kultura ezagutzarekin (Proposamena I) eta hori aintzat hartu duenean, orduan neure osotasunaren emaitza dena jarri ahal izan dut berarekin saioan, bere alde. Horrela aurre egin ahal izan dio bere “barneraturiko gehiagokeria”- ri. Lehen komentatu dugun bezala, berak nire hizkuntzaren hitz bat edo beste erabil dezake saioan, niretzat esanguratsua izan daitekeen baten bat:

- nik zu maite; zure bihotza eta nire bihotza;ona zu ikustea; zu eta biok betiko; hurbil, barka...

Barneraturiko gehiagokeriaren ezaugarri arrunta izan ohi da hizkuntza erabiltzea zarata egiteko, lotura gabezia edota ezezagunari beldurra, mesfidantza... saihesteko, hizkuntza lotura eta hurbiltasuna sortzeko erabili beharrean. Kasu honetan partaideari eskatu diot saioaren 10 minutuetan isilik egoteko eta niri begiratzeko. Zeuk hamaika era topatuko dituzu zure praktikan, ziur naiz.

Biok mugarik gabeko bion hurbiltasunaren eta loturaren arduradunak garela ulertu eta puntu horretara helduta askotan saioak hartu duen norabidea izan da bion artean agerian geratu den lotura hautsezin horrek gidatua eta ez hainbeste partaideak saioan bere kabuz eta bakardadean lan egitea erabakitakoak. Azken egoera hori bigarren maila batera igaro zaigu. Saioa izugarri indartsua izan ohi da eta ber-ebaluazioak unean unean ikus daitezke. Arreta orainaldian izan dugu.

IGURIPEN FALTSUAK BOTAZ

Lan hori egiteak badakar biok ohartsu izatea hizkuntza zapalketak sorraraz ditzakeen iguripen faltsuez. Iguripen horiek bi norabideetan ematen dira. Batzuk aipatze aldera, hona hemen hizkuntza nagusitutakoen eta hizkuntza menderatzaileen hiztunen aldetik, “barneraturiko gehiagokeria” dela eta, gerta daitezkeen batzuk:

-”hizkuntza gutxitukoak zein gutxitutakoak ulertuko du nire hizkuntza, ikasi duelako (adibidez, hizkuntz gutxitutako norbaitek ingelesa), beraz berak egin beharko luke nigana hurbiltzeko eta saioa ulergarri izateko urratsa”.

-”hizkuntza gutxitukoak zein gutxitutakoak ikasi behar luke nire hizkuntza (ingelesa edo nagusitutakoren bat) nazioartean erabiliena delako... eta gehiena ingelesaz gertatzen delako; komeni zaio eta mesede egingo dio”.

-”hizkuntza gutxitukoa zein gutxitutakoa”, bera da entzulea orain, beraz, berak egin behar luke ahalegina ni ulertzen eta neuregana hurbiltzen nire hizkuntzaz, eta niri utzi neure erara saioa egiten eta nire erara gidatzen...nik hobe dakidalako... eta abar. 

Eta “barneraturiko gutxiagokeria”- k jokoan jar ditzakeen beste iguripen batzuk. 

- “Bere hizkuntza jakin behar nuke”; “ Ez dit ulertuko, ez orain ez inoiz”; Hau ez da ongi joango”; “Ezin gara komunikatu”; “Ez dakit bere hizkuntza”; “Alperrik izango da berarekin” “Beraiek denak berdin-berdinak dira”, “ ez nau ikusiko, ez da ezertaz jabetuko, ez du merezi izango”... “eta gehien batean hori gertatzen ari da nire erruagatik, ezjakina naizelako, ez naizelako behar bezain besteko, beraiek ez dutelako erremediorik...”

EB LAGUNTZA TALDEAN

Barneraturiko hizkuntza zapalketaren adierazpenak ikusia naiz laguntza taldeetan ere bai. Aurreko gomendioak erabil eta aplika daitezke laguntza taldeetan edo huntza taldeetan... oro har, eb ekimen batean gaudelarik.

Adibide ohiko batzuk jarraian jarri dizkizut errazago antzeman dezagun kontu hori:

Partaideak joera izan dezake bere hizkuntza hitz egiten duen entzulea aukeratzeko. Hor irizpidea hizkuntzazkoa izan ohi da eta, beraz, partaideak eman dezakeen komunikazio osoaren zati txiki baten (kognitiboa)ulermenean oinarritua, horretan lotura eta kontraesana egongo direla uste nahirik. Baina ulermen ( kognitiboan) ez da derrigor lotura zertan eman; ez beti. Sarritan aurkitu dut ezezagunari beldurra eta arrotzarekiko mesfidantza izan direla norberaren hizkuntza bera maneiatzen duen elkar-entzulea aukeratzeko irizpidearen atzean.

Ez du horrela zertan izan, inondik ere. Edozein entzulek behar duen lotura eta behar duen kontraesan eta ikuspegi logiko zorrotz zein egokia eskain ditzake edozein egoeratan. Aintzat har dezagun elkar-entzuketa ariketa horixe bera egiten milaka aldiz jardun dugula eta denok bilakatu garela aditu, entzule izateko arte honetan.

Lehen aipatu bezala, gogoan izan partaidearen ahozko komunikazioaren jarduna ulertzea garrantzitsua bada ere, jokabidean datzala bien - partaidearen eta entzulearen- artean benetako iraultza eman dadin beharrezkoa den gakoa: lotura.

ITZULTZAILEARENGAN BABESTU: GURE BELDURREN BABESKERIA.

Besteetan, itzultzailea erabili ohi da bitartekariatzat entzulearekin edo partaidearekin zuzeneko harremana egin beharrean bere bidez harremana eraikitzeko; kultura edo hizkuntza edo jatorri ezberdinekoa garenean maizago suertatu ohi da hori. Horrek ez gaitu eramango beste pertsona benetan ezagutzera ezta bere gogamenarekin zuzeneko lotura egitera ere; beti faltako dugu zerbait: benetako harremana.

Kasu horretan adore eman ohi dut itzultzailea erabil ez dezagun zubi ala aitzakia gisa entzulearengana-edo partaidearengana- zeharka iristeko. Ez dago zuzeneko harremana bezalakorik gure harremanetan pilatu ditugun minak, beldurrak eta zaputzei kontraesanik indartsuena jartzeko. 

EB-N ETA EB-TIK AT, IRAGANETIK GATOZ ORAINALDIAN KOKATURIK BIZITZEKO

Iragana

 Nire herria herri indigenoa da. Gure hizkuntza munduan zaharrenetakoa. Nire hizkuntza erabiltzen ari naizenean, eta ez ingelesa, jendeak esan ohi izan dit maiz beste pertsona bat dirudidala. Hori sarri frogatu ahal izan dut lantegietan. Esaterako, erkidego jakin batean bere hizkuntza indigena inoiz erabili ez duen norbaitekin erakustaldia egin izan dut sarritan eta erkidego osoak asaskatu behar izan du pertsona hori modu berri eta zeharo ezberdin batez ikusi dutelako lehenengo aldiz, bere jatorrizko hizkuntzaz funtzionatzen ikusi dutelako, eta ez asimilazioak onartzen beharturiko hizkuntzaz. Erakustaldi mota horiek partaideari ahalmen berezia eman izan diote, bere erkidegoan erdigunerago kokarazi izan dute eta kide guztien oharmena zabaldu berarekiko, nabarmen. Herri kapitalistetan eta jite inperialista duen herrialdeetan bizi diren jende indigenoarekin erakustaldi horiek argitara eman dute erkidego horretan falta zuten informazio zati berri bat: puzzle zatia guzti-guztiak ezinbesteko direla proiektu honek aurrera egin dezan.

Nire susmoa da – eta horrela hartu behar zenuke, ez besterik- zenbat eta zaharrago izan hizkuntza bat gero eta informazio gehiago barnebildu eta gorde ahal izan duela zapalketa antolatuak eta talde ustiaketa basati antolatuak gertatu aurreko garaiez, edo gizarte hierarkikoek bultzaturiko guda egituratuen aurreko garaiez. Adibidez, nire bidaietan topatu dut “zapalketa” hitza bere jatorrizko hizkuntzara itzuli ezin zezakeen pertsonarik, bere hizkuntza indigenoan halako terminorik ez delako. Beste behin “gezur egitea” terminoarekin itzulpen zailtasunik bazuenik ere bai. Horrek zer pentsa ugari eman izan dit.

 Denok gatoz oso aspaldian kultura indigenetatik eta hizkuntza indigenak zerabiltzaten kultur taldeetatik. Beranduago diru-gosean, ustiaketan, esklabutzan zein klasekerian, oinarrituriko gizarte zapaltzaileak garatu ziren eta seguru asko, nire herrian bezala, aurretik zegoen estratu indigena ez zapalketa-zalea, ez inbasio-zalea estaltzen, suntsitzen, desagerrarazten saiatu ziren. Honek badu arrazoi bat: errazagoa da zu kapitalismoak eta zapalketak manipulatzea ez baldin badiozu zure jendearekin, zure kulturarekin eta hizkuntzarekin zure lurrarekin eta sustraiekin duzun loturari eutsi ahal izan. Sustrairik gabeko landarea ahula da, azalean ohitua, sakonerarik gabea, labur bizitzeko egina. Horrela nahi gaitu sistemak.

Horregatik, jendeari bere jatorrizko sustraiak, kultura eta hizkuntza zein izan ziren ikertzeko adore eman ohi diet, oso norabide ahalduntzailea eta askatzailea delako, azken urteetan egiaztatu ahal izan dudanez.

 Oraina

Nire ustetan, EB harremana, bizitzan edozein harreman bezala, orainaldian gerta daiteke bakarrik, ez lehenaldian, ez geroaldian. Aintzat harturik ze nolako guda, inbasio, gatazka, indarkeria, borroka, istilu, sestra... jaurespena duen gizateriak eta hori dena nola bizi izan duen asaskatzeko aukeratik bazterturik, ez da harrigarria gizakiok egun orainaldian present egoteko eta errealitatea argi eta garbi ikusi ahal izateko zailtasun nabarmenak edukitzea.

Historialariek kalkulatu ohi dute gizateriaren bizi-denbora osoaren %97a gudan eman dugula. Soberako %3 ez dakit bakean eman dugun; guden ondorioetatik suspertzen eta berreraikitzen seguru aski.

Asaskatu eta ber-ebaluatu ezean lehenaldia bihur dezakegu, besteak beste, izozturiko iguripen faltsuen eta behar izoztuen bilduma, etorkizunera proiektatua.

Eta geroaldia askotan erabili ohi dugu, besteak beste, orainaldian present egoteko dugun zailtasunak diseinatutako berehalako ihesalditzat orainalditik, batez ere “egin, ekoiztu edo kontsumitu”, “zarata atera” -erako ekintzen bidez.

Horrela zaila da lotura (orainaldian ematen baita soilik ) eta komunikazio logiko, zuzen eta erakargarria sortzea.

Hizkuntza askapena praktikatzen dudanean eta baita artikulu honetan zehar nire partaidearekin eta entzulearekin benetako lotura lortzeko azaldu ditudan estrategiak erabiltzen ditudanean beti topatu dut nire burua asaskatzen orainaldian present egoteko ditudan zailtasunei buruz. Horrek eraman nau ulertzera orainaldian bakarrik dugula aukera garen guztia izateko eta errealitate onbera den bezalakoa zuzen eta artez konprenitzeko. Hor dago benetako aukera ongi komunikatuta egoteko.

Nire uste apalean honetarako sortu genituen giza hizkuntzak gizakiok, orainaldian ongi komunikatuta egoteko elkarrekin benetako errealitatearen ohartsu izateko, bai iraganari buruz bai etorkizunari buruz ikuspegi logikoaz, asmatuaz, zuzenaz eta errealaz hitz egin eta partekatzeko, orainaldi egoki eta loragarri komun bat elkarrekin diseinatzeko.

IV PROPOSAMENA

Orainaldian present egoteak eskatzen du inguratzen gaituzten zein guk geuk ekoizten ditugun zapalketez ohartzea, lehendabizi eta, segidan, askapen egoerara jauzi egiteko proposamenak eskaintzea. Nik honetan artikulua bukatuko dut azken proposamen txiki eta eragingarri batez, bide honetan. IV Proposamena bezala izendatuko dut.

EB ekimen batera goazenean edo bertatik itzultzean, nire hizkuntza ez dakitenekin aritu behar baldin badut , neu suertatzen naiz itzultzaile. Bidaia osoan ari naiteke itzultzen -eta lantegira apur bat nekatua heldu – eta lantegian ere itzultzen jarraitu beharko dut. Kasu horietan proposatu izan ohi dut gure bidaia ikuspegi askatzaile batetik antolatzea.

Jendeak ongi erantzun du orain arte ni izan naizenean euren hizkuntzaz mintzatu dena, beraiek nirea ez dutelako hitz egiten. 20-30 bat minuturen bueltan eskatu izan dut beren arreta minutu bat edo bi nik asaskatu ahal izateko euren hizkuntzaz etengabe aritu beharrak ekar diezadakeenaz. Oro har ez baikara oso ohartsu ze nolako ahalegina dakarren zurea ez den hizkuntza bat ikasi duzunean hizkuntza horretan egun oso bat aritu behar izateak, atsedenik gabe. Bai beraientzat zein niretzat ariketa askatzailea, hurbil-arazlea eta iradokitzailea suertatu da.

Niri dagokidanean, hizkuntza askapenaren eskutik antolatu ohi dut.

Beste ikuspegi askatzaile askoetatik burutu litekeela ere uste dut, zapalketek zuzenki jotzen dituzten pertsonekin : klasekeria, sexukeria, arrazakeria, heldukeria...

Bidaietan eta egituratu gabeko EB une partekatuetan une batez geratu al gaitezke -behar bada orduz behin?- elkarri begira jarri eta egoera zailagoan (desabantaila handienak dituen) dagoen pertsonari arreta minutu bat eskaini berarentzat nola izaten ari den konta diezagun? 

Horrek behartuko gintuzke orainaldian erabat present egoten eta gure arteko harremana etengabe eguneratua eta askapen bidean norabideratuari eusten. Nik hizkuntzari dagokionez egin izan dut eta egiten jarraituko dut.

Bukatzeko, zuretzat galdera bat:

Zer deritzezu zuk lau proposamen horiei? Eskerrik asko zure denboragatik.

Maitasunez,
Xabi
XABI ODRIOZOLA EZEIZA.
MARIETA LARRINTZAR HERRIA. 2015EKO AGORRILEAN.

Itzultzaileak:
euskaratik gaztelaniara Juan Gabriel Urriategik egin du.
Gazteleratik ingelesera: Stéphan Picard-ek.
Euskarazko, gaztelerazko eta ingelerazko testuen berrikuspenarekin laguntza Goizalde Galartzak


Last modified: 2019-05-02 14:41:35+00