Bertakoen eta Indigenen askapena bereiztea
Gehiengo Taldeko jendearen aurkako
arrazakeriari buruzko lanetik
Elkar Entzuteko saio asko eta luze pentsatu ondoren, ohartu naiz zentzuzkoa dela eta emankorra izango dela deslotzea Indigenen eta Bertakoen askapen lana Gehiengo Taldeko jendearen aurkako arrazakeriari buruzko lanetik. Izan ere, funtsezko zenbait ezberdintasun daude bi talde horiek zapalduak izan diren eta badiren moduen artean.
Larruazal ilunagoko bertakoek/indigenek/tribuek mendebaldeko munduaren arrazakeria pairatzen dute. Ildo horretatik, arrazakeria hori ezabatua izan arte haiek ez dira “bereizirik” egongo arrazakeriari buruzko lanetik eta horretan jarraituko dute, behar edo nahi duten artean.
Hala ere, munduan badira tokiak non indigenak genozidioaren jomuga diren, baina larruazalaren kolorea erabakigarria ez den –alegia, tokiak non jendeak genozidio-ekintzak eta -politikak gauzatzen dituen larruazal-kolore bereko jendearen aurka–. Hori ez da arrazakeria. Esan liteke “larruazal-kolore bereko” jendearen genozidioa dela. Horren adibide izan daitezke txinatarrek tibetarren aurka egiten dutena; txinatarrek Hmong jendearen aurkakoa, historikoki; afrikar tribu edo nazio batzuek beste afrikar tribu edo nazioen aurkakoa; edo zenbait nazio zurik europar indigena zurien aurkakoa.
Genozidioa da munduko indigena/tribal/bertako jendearen aurka egiten den zapalkuntzarik nagusiena. Horixe da asaskatu ahal izateko euskarritua izan behar den funtsezko zauria. Bertakoen askapen lanean tresna baliotsuak aurkitzen ditugu genozidioaren estutasunezko grabaketak zein moldeetan oinarritutako portaerak asaskatzeko. Horiei begiratzen badiegu, buru egiten badiegu eta asaskatzen baditugu, gure askapenerako berrebaluatze berriak eskuratuko ditugu. Soilik zuzentzen zaigun arrazakerian ardazten badugu lana ez gara iritsiko funtsezko zauri gako honetaraino.
GURE BURUJABETASUN ESTATUSA GAKOA DA
Halaber, bertakoon askapenerako behar-beharrezkoa da burujabetasun estatusa zer den ulertzea. Era berean, bertakoak ez direnak ere ulertzea eskatzen du.
Zer esan nahi du burujabetasun estatusak?
Munduan diren bertako/tribal/indigena talde guztiek badute burujabetasun estatusa, lurralde jakin bateko, herrialde zehatz bateko biztanle baitira, eta lurralde horren jabe direlako antzina-antzinatik. Nazioarte legediaren arabera, burujabetzat hartua izateko estatu batek behar ditu zenbait ezaugarri: populazio egonkorra, lurralde zehatza, beste inoren menpekoa ez den gobernua eta beste estatu burujabeekin harremanak izateko gaitasuna.
Amerikako Estatu Batuek zein Kanadak nazioarteko legediak aintzat harturiko itunak egin zituzten Amerikar Bertako Tribuekin zein Kanadako Lehen Nazioekin, estatu burujabeak denak. Gure burujabetasun estatusak ematen digu, Amerikako Estatu Batuetan eta Kanadan, Gehiengo Taldeko jendearenaz bestelako lege-estatusa, nazioarteko legediaren arabera loteslea dena.
Mexikar Konstituzioak desberdin hartzen ditu Mexikar Nazio Tribalak. Australian bertako jendea bere eskubideak aintzat hartzea eskatzen dabil (Australia inbaditu zutenerako ingelesek ikasia zuten ez zutela bertako herriekin itunik sinatu behar).
Burujabetza estatusa pribilegioa al da Gehiengo Taldeko jendeari ukatua zaiona? Zehatz eta mehatz esanda, bestelako egoera juridikoa ematen digu, zeinetan erroreak zuzentzeko aukera eskaintzen digun. Baina zer izan da benetan?
AEB-k hautsi egin ditu bertako nazioekin sinaturiko itun guztiak. Ipar Amerika kontinenteko Bertako Nazioen aurka egin zuten genozidio-gerrak beste talderen zapaltzaile izan ezinik utzi gaitu, jende-, finantza- edo militar-baliabiderik gabe utzi baikaitu. Beraz, gure artean bakarrik jokatzen dugu grabaketa horien arabera.
Gainera, ez dugu doako janaririk, mediku-arretarik edo hezkuntzarik jasotzen. Eta Indiar Osasun Zerbitzua, estatubatuar agentzia federala, izan zen 1950 eta 1960 hamarkadetan bertako emakumezkoak antzutzeko politika ezarri zuena, gobernuak onetsi eta abiatutako genozidioa.
Liburu asko idatzi dira herri indigenen aurka, kontinente honetan zein mundu zabalean, egindako izugarrikeriak azaltzen dituztenak, hona ekartzeko gehiegi, izan ere.
ELKARREN ANTZEKOTASUNAK ETA EZBERDINTASUNAK ANTZEMAN ETA LANDU DITZAKEGU ALIANTZAK ERAIKITZEKO
Bertakoen askapen lanean berehala ohartu ginen gainontzeko jendeari gure aliatuak izan zitezen eskatzera mugatzea ez zela oso eraginkorra eta erabaki behar genuela geu izatea besteentzako ahalik eta aliaturik onenak. Beraz, asaskatze lana egiten dugu. Aliatu onak izateko lan hori iraunkorra da bertakoen laguntza taldeetan: bai beltz hazitakoetan, bai asiar hazitakoetan bai txikano-latino hazitakoetan.
Bertakoen askapenerako lantegi eta laguntza taldeetan ondoko norabideetan asaskatzen dugu eta horietan asaskatzera gonbidatzen ditugu parte-hartzaileak:
• Zelan izan naiteke ahalik eta aliaturik onena jatorri afrikarreko jendearentzat? eta asiar jatorrikoentzat? Txikano-latindar jatorrikoentzat? arabiar jatorrikoentzat?
• Zelan izan naiteke ahalik eta aliaturik onena zurientzat?
Bertakoen askapenean gabiltzan askok lan horretan dihardugu iraunkorki.
Gehiengo Taldeko aliatuei eskatzen diegu asaskatzeko herri indigenak “desagerrarazteko” aktiboki lan egiten duten kultura menperatzaileei atxiki eta kulturizatu izanari buruz.
Gaur egun Indigenen askapenerako lanaren parte bat bideratzen dugu herri guztiekin lankidetza eraikitzen klimaren larrialdiari eta ekonomiaren kolapsoari heltzeko. Izan ere, arazo hauek eragiten diete bizidun guzti-guztiei, gizakioi barne.
Gaur egun, erregulartasunez biltzen den talde txiki batean, aukeraturiko pertsona batzuek Elkar Entzuteko saioak egin eta pentsatzen dute niri buruz, Amerikako Bertakoen Askapenerako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona naizen aldetik. Taldeon txikanoak, asiarrak, beltzak, zuriak eta juduak daude, andrazko nahiz gizonezko. Ez nabil isolatuta eginkizun honetan.
Marcie Rendon
Amerikako Bertakoen Askapenerako Naziarteko Erreferentzia Pertsona
Minneapolis, Minnesota, AEB
Artikuluaren jatorrizko izenburua: Uncoupling Native and Indigenous Liberation from the Work on Racism Targeting Global Majority People
Present Time-n argitaratuta:
212. zk., 2023ko uztaila
Itzulpena: Iñaki Kasares
Euskal Herria