News flash

WEBINARS

Impact of U.S. Election
Results on Climate
Action in the U.S.

Saturday, January 4
Sunday, January 5
Diane Shisk

 

PERTSONA ASKOREN GOGAMENERA IRISTEA

Tim Jackins, “Gizartearen eraldaketa” lantegian
Warwick, New York, AEB, 2020ko urtarrilean

Sartzen ari garen garai honetan, lehenago inork ikusi gabeko borrokak izango dira. Horregatik, uste dut helburu bat izatea lagungarria litekeela guretzat. Askorentzat helburu nagusia izango litzateke pertsona arrazionala eta guztiz gizatiarraren irudia lortzea. Horrek esan nahiko luke EB modu osoagoan erabiltzea, jende gehiagorengana iristea, eta gurekin harremanak dituen gogamen bakoitzari gizatasunaren ikuspegi bat  —edo gehiago— lortzen laguntzea.

Beharrezko dugu jende asko arrazionaltasunera itzul dadin. Utz diezaiotela isolamenduari, eta ez dezatela pentsatu jende guztia kontra daukatela, edo inork ez diela jaramonik egiten edo haien interesak ezin direla uztartu gainerako jendearen interesekin. Erakutsi behar diegu gatazkarik ez dagoela haien eta gure artean. Haien munduan ere badagoela toki bat, non onar dezaketen euren interesak bat datozela besteen interesekin. Eta hori modu xumean egin dezakegu, oharkabean bezala, baina nabaritzeko moduan.

Botere soziala lortzen duenak ere ez du ezer askorik egingo beste gogamen asko eta askorekin batera ez badabil. Agian emango du urrats handiren bat, baina geroko lorpenak mugatuta egongo dira nahikoa jenderekin harremanik ez badu.

GEHIAGO ERABILI EB

EB daukagu, oso tresna ahaltsua. Badakigu zelan erabili egoera jakinetan. Uste dut are gehiago erabil dezakegula, maizago, irekiago, eta jende gehiagorekin. Gogoratu gaitezen prozesuaren zati bat erregulartasunez erabili behar dugula: entzutea. Horrela, atal hori erabiltzeko aukera ematen diegu beste gogamenei. Hainbat talderen funtzionamendurako lagungarria izan da, eta ondo dago, baina egin ahal dugunaren zatitxo bat besterik ez da.

Nire ustez, egunero egin dezakegu zerbait beste gogamen bat estutasunetik pittin bat urrunduko duena, eta zure gogamenarekin harremanetan jartzen lagundu diezaiokeena.  Egunero izaten dira gauza asko, txikiak eta handiak, egin ditzakegunak beste gogamen batengana iristeko. Horrela jokatzeak zerbait esanguratsua eraiki lezake.

Hamaika bultzada txiki beharko ditu burua bira dezan errealitatea argiago ikusiko duen norabidean. Hamaika ukitu txiki, hamaika “egun on”, ahots bero eta abegikorrarekin, norbait bere estutasunetatik ateratzeko.

Gogora ekarri behar dugu gu geu ere zein harrapatuta egon garen gure estutasun goiztiarretan. Hala ere, aurrera jarraitu dugu. Gure inguruan badira gogamen blokeatuak, askapenaren irrikan daudenak, estutasunetik kanpoko edozein bizi-esperientziaren irrikan daudenak. Bizitzan topatuko ditugun pertsona gehienek zauri goiztiar sakonak jasan izan dituzte. Egunero-egunero bizi dituzte aurrez jasandako zauriak. Zergatik dituzte arazoak, esaterako, politika aurrerakoi argi bat ulertzeko? Ez zaie sartzen. Ez zaie iristen estutasunak harrapatu eta kateatu dituen lekura. Inoiz askatu ezin izan duten estutasun horrek —aukerarik ez baitute izan— berrinterpretatu eragiten die guk esaten dieguna. Gogoan izan behar dugu hori.

Politika eta estrategia ausartak behar ditugu, eta gehiago. Baina horiek norbanakoen gogamenetan sartu behar dute, eta norbanakoen gogamenetan sartzen dira beste norbanako batzuen gogamenen bidez, haiengan pentsa dezaketen —une batez bada ere— gogamenen bidez. Horrek aukera sortzen du. Badakigu nola egin, praktika gehiago baino ez dugu behar.

“HAMAIKA DESBERDINTASUN TXIKI”

Beste adimen batzuekin harremanak egin beharko ditugu zerbait baliagarria komunikatzeko modua izan aurretik. Jendearen gogamenera iristen ez garen bitartean, gauza onak itsu-itsuan zabaltzen ibiliko gara, baina haiek baztertu egingo dituzte.

Asko ikasi nuen Lehen Hezkuntza irakasten. Idazmahai guztietatik igarotzen ikasi nuen. Guzti-guztietatik. Bigarren graduko ikasleak ziren. Ia neska guztiek eskutik heltzen zidaten, eta mutiko guztiek bostekoa luzatzen zidaten. Halako kontaktua egiten zuten. Gero, haien aurrean jartzen nintzenean irakasteko, kontaktu horretan oinarritzen nintzen komunikatzen hasteko. Gutako gehienok ez gaude bigarren graduko umeekin, ordea. Haiekin errazagoa da. Askoz errazagoa.

Ez dut uste aldaketa arrazional handirik gerta litekeenik harik eta hamaika desberdintasun gizatiar txiki gertatzen diren arte. Zenbat ehunka pertsonarekin egon behar dugu harremanetan mundua leku hobea izan dadin? Haietako zenbati ez diegu begiratu ere egiten normalean?

Agian norbaiti begiratu ahal izango diogu bere arreta erakartzeko bezainbeste, eta gure ezpainekin irriño bat egin. Antzeman egingo luke, ziur aski. Zerbait gizatiarra doakiola sumatuko luke. Eskua jar geniezaioke sorbaldan. Laudorio txikitxo bat eman geniezaioke, hura ohartu eta pentsaraziko diona. Zerbait galde geniezaioke. Esate baterako, “Kontu honekin kateatuta nago, zuk zer egingo zenuke?”. Beharbada, galdetu geniezaioke (esaterako): “Beti galdetu diot neure buruari, non jaio zinen?” Gugandik urrun eta gure kontra dagoen horri esan geniezaioke “Elkarren aliatuak izatea nahi dut”. Hori baiezta dezakegu, egia baita. Hori da gure helburua epe luzera, gure asmoa, oraintxe bertan gerta dadin lortu edo ez.

Norbaiti beregan interesa dugula erakusten dion edozerk gure aldera erakarriko du pertsona hori apur bat. Eta baliteke pertsona horrek jakitea guretzat oso baliagarriak izan litezkeen gauzak.

Egunero egin dezakegu kontaktua norbaitekin. Egunero has gaitezke norbaitekin harreman bat eraikitzen. Galduta sentitzen bagara jaikitzean, geure buruari esan ahal diogu: “Zelan erakar nezake norbait gaur bi gradutxo? Zelan egingo dut? Nor izango da pertsona hori?” Hori beti-beti egongo da gure esku.

 

Artikuluaren jatorrizko izenburua: Reaching Many People’s Minds
Present Time-n argitaratuta: 199. zk., 2020ko apirila
Itzulpena: Iñaki Kasares
Euskal Herria

Present Time, 2020ko apirila, 3. orrialdea 


Last modified: 2024-05-01 18:33:08+00