Hezkuntza-aldaketako lanerako sarrera

Zein da gure hezkuntza-aldaketaren helburua? Eskola eta ikaskuntza-ingurune guztietan zapalkuntzarik ez egotea eta irakasteko eta ikasteko leku alaiak izatea.

Irakaskuntzari eta ikaskuntzari buruz: Eskolek gazteei laguntzeko lekuak izan behar dute, jakintzetan hazteko, sormena garatzeko eta adimena elikatzeko. Horrela, nahi duten bizitza sortzeko eta gizarte arrazional bat eraikitzen laguntzeko gaitasuna ematen zaie.

Zapalkuntzei buruz: Horietako asko eskolan aritzen dira. Eskolako talde guztiei eragiten diete: irakasleak, ikasleak, gizarte-langileak, administratzaileak, gurasoak eta abar. Beraz, hezkuntza aldaketaren alde lan egitea ez da irakasleen kontua bakarrik.

Beraz, hezkuntza-aldaketaren lana da ikasteko lekuak alaiak izatea eta gazteei laguntzea, irakaskuntzan eta ikaskuntzan eragiten duten zapalkuntzak ezabatuz. Garrantzitsua da denontzat. Hona hemen hiru puntu garrantzitsu:

  1. Pertsona bakoitzak bere adimena berreskura dezake. Ikaskuntza-jarduera gehienetan zauriak egon dira. Denok behar dugu aukera zauri horiek askatzeko eta gure adimena berreskuratzeko.
  2. EBko Erkidegoak leku abegikorrak eta seguruak izan behar dira eskoletan lan egiten duten guztientzat: asaskatzeko, biziberritzeko, babesa jasotzeko, irakasteko eta ikasteko poza aldarrikatzeko, eta hezkuntza-sistemak askatzen laguntzeko gai izateko.
  3. Gogamen argiak behar ditugu eskola-sistemen funtzionamendu eraginkorra ahalbidetuko duten politika arrazionalak egiteko. EBkoak ez diren pertsona asko ahalegintzen dira eskoletan aldaketak egiten. Haien ahaleginak lagundu ditzakegu entzutearen eta asaskatze-prozesuaren bidez.

Gure munduan gauzak aldatzen eta zailak izaten jarraitzen duten bitartean, garrantzitsua da gure adimena aldarrikatzen jarraitzea, erabaki arrazionalak hartzeko gogamena garbi izatea eta munduko egoerari eta gainerakoei buruz ondo pentsatzea.

Pertsona bakoitzaren ekintza bakoitzak helburu zabalagoari laguntzen dio, eta ekintza bakar bat ere ez da hutsala. Gazte bati, irakasle bati edo hezkuntza-aldaketaren ekintzaile bati saio bat emateak alde handia eragiten du. Edozein biztanleria-azpitaldeko edozein pertsonaren aliatua izateak markatzen du aldea.

Irakasleek espazio seguruak behar dituzte, hitz egin eta entzun diezaieten gela batean egunez egun bizirik irautea zein zaila den: irakasle izateak zer esan nahi duen entzuteko denbora.

Aliatuek zeregin handia dute hemen. Hurbildu zaitez irakaslearengana erregulartasunez. Eskaini entzuteko denbora, haren beldurrak eta itxaropenik eza, gogogabetasuna eta etsipena aska ditzan. Euskarritu itzazu gazteekiko konpromisoari eta irakasle izateari uko egin ez diezaioten.

Orain une egokia izango litzateke hezitzaileentzako asaskatze-taldeak zuzentzea, haiei entzuteko eta lanean etengabe sentitzen duten mina, beldurra eta ezintasuna asaskatzen laguntzeko. Hilero irakasleentzako eta haien aliatuentzako Internet bidezko laguntza-talde bat zuzentzen dut, eta denak dira ongi etorriak. Hala ere, tokiko talde gehiago behar dira. Hezitzaileek laguntza lortzeko aukera gehiago eta maiz behar dituzte.

INDARKERIA ARMEKIN ESKOLAN

Beste tiroketa bat izan zen Estatu Batuetako eskola batean, Uvalden, Texasen, non hemeretzi ikasle eta bi irakasle hil zituzten lehen hezkuntzako eskola batean. Mundu guztia suminduta dago. Edozein eratako indarkeria, edonori egina, sumintzeko arrazoia da. Lan handia dago egiteko denentzat, ez bakarrik elkar-entzuleentzat, indarkeriarekin amaitzeko mundu honetan. Indarkeriak sustrai sakonak eta zabalak ditu, eta gizarte osoak heldu behar dio.

Aliatuek euskarria adieraz dezakete, behar dena antolatuz, indarkeria eta armen erabilerarekin amaitzeko gizartean. Gustatuko litzaidake elkar-entzule bakoitzak bere amorrua eta ezintasuna lantzen jarraitzeko konpromisoa hartzea, harik eta indarkeriazko ekintzetara eramaten duten gizarteko estutasun-moldeen aurka jarduteko erabakia hartzeko behar besteko arreta izan arte.

Hezitzaileak, jarrai dezazuen etsipenaren eta itxaropen ezaren aurka borrokatzen. Mesedez, hurbildu guregana eta gainerakoengana, eta partekatu hezitzaile izaten jarraitzeko lagungarri zaizuena. Aliatuak, lagundu hezitzaile bati itxaropenari eutsi diezaion.

HEZKUNTZA ALDAKETAREN ALDEKO LANA INDIAN

Duela gutxi India bisitatzeko zortea izan nuen. Han egun bateko lantegi bat zuzendu nuen Puneko EBko Erkidegoarentzat. 33 elkar-entzulek hartu zuten parte. Adimena berreskuratzeko hainbat arlotan eta eskolako lehen oroitzapenetan lan egin genuen. Hitzaldi eta saio emankorrak izan genituen EBko eta mundu osoko hezkuntza-aldaketaren lanari buruz eta lantegian jendeak bere gain hartu eta bere Erkidegoetan lideratu nahi zuenari buruz.

Indian nengoela, eskola bat zuzendu nuen Mumbaiko Erkidegoarentzat, hogeita bost emakumerentzat. Azpimarratzeko moduko alderdi ugarien artean honako hau zegoen: azkenik Indian egoteak eta nire jatorriarekin eta sustraiekin lotura handia sentitzeak ekarri zidan kontraesan handia. Trinidad eta Tobagok eta Indiak kolonizazio britainiarraren historia partekatzen dute, baita gure hezkuntza sistemetan dituen ondorioena ere.

Tim Jackinsek aspaldi adierazi zuenez, baliteke asaskatzeak soilik ez dituela aldatuko gauzak munduan, baina, zalantzarik gabe, gure adimena eta erabakiak hartzeko, pentsatzeko eta gauzak hobetzeko dugun gaitasuna askatuko dituela. Hari entzuteak gogorarazi zidan garrantzitsua zela gure adimena aldarrikatzea, bai eta hezkuntza-aldaketarako lanaren funtsezko zati gisa duen esanahia ere. Zuzentzen dudan bilera eta lantegi bakoitzean, lehenik eta behin gure adimena berreskuratzen saiatzen naiz. Elkar-entzuleekin norabide honetan lan egiteko, honelako zerbait galdetzen dut: “Nolakoa izango litzateke zure bizitza, edo zer egingo zenuke desberdin, eguneroko une bakoitza erabat adimentsua zarela gogoratuz biziko bazenu?”. Ondoren, parte-hartzaileak asaskatzen eta haien adimena aldarrikatzen ikustea zoragarria izaten da.

Lan hau nahiko berria izan zen Erkidego horientzat. Motibagarria izan zen haien gogoa eta adimena berreskuratzeko grina ikustea, eskolako lehen oroitzapenak asaskatzea eta EB erabiltzeko konpromisoa hartzea Indiako hezkuntza-sistematik zapalkuntzak ezabatzeko; izugarrizko lana. Niretzat aukera berezia izan da Erkidegoekin konektatzea eta hazi hezitzaileak ereitea. Orain, konexioa eta lana martxan mantentzea da zeregina.

Marilyn Robb

Hezkuntza aldaketarako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona

St. Augustine, Trinidad eta Tobago

- - - -


Last modified: 2024-05-01 17:03:55+00