Erakusleak, akatsak eta molde zapaltzaileak asaskatzea

EBn printzipioei jarraitzea erabaki genuen, gure sentimenduak baino fidagarriagoak direlako. Gure printzipioek esaten digute erakusle guztiek akatsak egiten dituztela, eta lehenik asaskatuta erantzun behar dugula, eta gero pentsatu nola lagundu, haien entzuleak izango bagina bezala. Erakusleak perfektuak direla uste izatea eta huts egiteagatik salatzea bi adibide dira biktima sentitzearenak eta zapaltzaile gisa aritzearenak.

PRINTZIPIOEI JARRAITU

Printzipioak sortzeko arrazoia da gure sentimenduak gure pentsamendua baino indartsuagoak direnean gida ditzakegula. Elkar-entzuleok denbora asko eman dugu asaskatzen eta elkarrekin pentsatzen gure printzipioak sortzeko, eta badakigu haiengan konfiantza izan dezakegula. Gidatuko gaituztela adostu dugu. EB-ren helburua da gutako askori gure printzipioen arabera jokatzen laguntzea eta pentsatzen jarraitzea, baita gizakiok daramagun zauri kopuru izugarriak hori zailtzen duenean ere.

Sarritan erabiltzen dut izarretatik nabigatzeko metafora, ez eguraldiaren egoeratik. Izarren posizioek berdinak izaten jarraitzen dute, ekaitzak jo edo oskarbi egon zerua. Birsubermatzea eguraldi ekaiztsua bezala da gure baitan. Ezin ditugu izarrak ikusi, baina badakigu hor daudela, eta haien norabidean jarraitu dezakegu zerua garbitu arte.

EBn erabaki partekatua hartu dugu zauri zaharrei ez uzteko gidatzen egiten eta esaten duguna. Bereizten ditugu gure estutasunak hartu nahi ditugun erabaki eta ekintzetatik. Beste pertsonen gizatasun osoa ikusten saiatzen gara, haien estutasunak nola sentiarazten gaituzten asaskatuz eta pentsatuz nola lagundu haietatik askatzen.

ERAKUSLEEK AKATSAK EGITEN DITUZTENEAN

Erakusleek akatsak egiten dituztenean, sentitzen dugun nahigabearen zati bat da espero dugula, baina era ez oso errealistan, inoiz huts egingo ez digutela, inoiz akatsik egingo ez dutela, inoiz izan ez ditugun baina oraindik desiratzen ditugun gurasoak balira bezala. Inoiz izan ez ditugun baina amesten ditugun gobernuak balira bezala.

Alde batetik, erakusleek egiten dituzten akatsez ohartu eta horietan pentsatu behar dugu, ez haiek kritikatzeko, hobeto egiten lagundu ahal izateko baizik. Gutako batzuek isilik eta pasibo egoteko moldeak asaskatu behar ditugu zerbait oker ikusten dugunean, ez baikinen gai izan gaztetan kaltea geldiarazteko. Gutako batzuek akatsak alde batera uzteko moldea asaskatu behar dugu, gure erakusleak eta gure mugimendua perfektuak direla sinetsi nahi dugulako, eta ikaratu egiten gara ez direla ohartzen garenean. Gutako batzuek erakusle batekin haserre dagoen edonor isilarazi nahi izateari utzi behar diogu.

Bestalde, elkar-entzule gisa erabaki dugu gure erakusleei laguntzea ahal duten onena egin dezaten, akatsak egiten dituztenean EB tresnak erabiliz. Gure politika nahikoa saio izatea da, haiekin batera elkar-entzule gisa egon ahal izateko, nola zauritu zituzten pentsatzeko eta asaskatzen laguntzeko. Gutako batzuk amorru eta min handia asaskatu behar dugu zapalkuntzak gu eta gure jendea nola zauritu gaituen jakiteko, gure ustean akatsak egiten dituzten erakusleei buruz ondo pentsatu ahal izateko eta euren molde zapaltzaileak (estutasuna) modu hausnartuan eteteko. Batzuek ezintasuna asaskatu behar dugu; izan ere, horrek sentiarazten digu egin dezakegun gauza bakarra dela publikoki salatzea norbait zein oker dagoen. Garrantzitsua iruditu dakiguke jendea salatzea edo zigortzea, gaztetan jasan eta ikusi genuen bidegabekeriatik erabat sendatuta ez gaudenean.

ERAKUSLEAK PERFEKTUAK DIRELAKO ITXURAK EGITEA

Erakusleak perfektuak direla nahi izatea eta izugarriak direla salatzea dira bi adibide erakusten dutenak biktima senti gaitezkeela eta zapaltzaile gisa joka dezakegula. Bi moldeetako batek ere ez die erakusleei erabat gizaki izaten uzten. Bi moldeetako batek ere ez die erakusleei laguntzen beren lanean hobeak izaten. Gaur egungo egoera txarra da (egungo baldintzak) eta okerrera doa, eta ez dugu denborarik kalte guztiak asaskatzeko ekin aurretik. Gure printzipioen arabera jokatzen jarraitu behar dugu, zaurituta eta birsubermatuta bagaude ere.

MOLDE ZAPALTZAILEAK ASASKATZEKO AHALMENA

Aurrekoa egiteko modurik indartsuenetako bat da saioetan denbora gehiago erabiltzea denok daramatzagun molde zapaltzaileak asaskatzen. Biktima bihurtuak izan ginenean egin ziguten kalte guztia kentzeko denborarik ez badugu ere, kalte hori gu bezain zaurituak dauden beste pertsona batzuengana zuzentzea eragotz dezakegu. Hori ikastea eta irakastea da gure gizarteek behar duten aldaketa sortzeko modurik azkarrenetako bat.

Aurora Levins Morales

Maricao, Puerto Rico

EB Erkidegoko kideen e-posta eztabaidarako zerrendatik berrinprimatua

 

Artikuluaren jatorrizko izenburua:
Leaders, Mistakes, and Discharging Oppressor Patterns
Itzulpena: Juan Gabriel Urriategi
Euskal Herria


Last modified: 2024-05-01 16:54:09+00