Europako Indigenen Lehenengo EB Lantegia


Aurreko artikulua Juan Gabriel Urriategik euskaratu du:
Basque translation, by Juan Gabriel Urriategi, of the preceding article:


Europako indigenen lehenengo EB lantegia Bilbon (Euskal Herria) egin zen, 2019ko abuztuan, Marcie Rendonen (Ameriketako Indigenen Askapenerako Nazioarteko Erreferentzia Pertsona) gidaritzapean. Eskerrik asko euskaldun jendeari ostatua emateagatik. Haien bizilekuan ikustea, harro beren herrialdean, pizgarria eta itxaropentsua izan zen.

Lantegian gertatua dator jarraian, eta baita nik pentsatua ere.

Ingelesa ulertzen ez zuten guztientzat zeuden interpreteak eskuragarri; halere, ahozko itzulpenak luze jo ohi zuen sarri, jorratutako gaietako batzuk konplexuak ez ezik ezohikoak ere bai baitziren. Horrek are zuzenago eta argiago hitz egitera behartu zuen Marcie, eta hori onura handia izan zen niretzat.


Indigenen egoera deskribatu ondoren, esan zuen ez zela nahikoa indigenen jatorria aldarrikatzea, zuria izatea lantzetik saihesteko. Nortasun guztiak landu behar dira. “Izendatu, aldarrikatu, asaskatu!”, hori da EB modua nortasun bakoitza lantzeko, eta asaskatze sistematikoa behar dugu, urtebetez gutxienez, nortasun bakoitzarekin.


ZAPALTZAILE ROLA LANTZEN


Marciek askotan errepikatu zuen: “Denok lan egin behar dugu estutasunen alde zapaltzailean”. Zapalketa bizi izanak zapaltzaile izateko zorian jartzen gaitu, eta “denok bihurtzen gara zapaltzaile uneren batean”. Elkar-entzuleak garenez, badakigu jendea zapaltzaile bihurtu dadin zapaldua izan behar dela aurretik, eta, hori horrela, gehiegitan biktima rolera jotzen dugu.


Nik (Frank) uste dut saio irmoak behar ditugula zapaltzaile gisa jokatzeko erabakia iraultzeko. Kaltea transmititzera bultzatu gintuen deskonexioari buruzko nahigabea asaskatu behar dugu. Saio irmoak behar ditugu horri aurre egiteko, ez saihesteko. Zaila da nire gogamena hor jartzea. Tentagarria da biktimaren aldeari begira jarraitzea. Baina, azkenean, neuk erabaki nuen kaltea transmititzea. Hori ez egiteko erabakia hartzea da niretzat gakoa. Hor datza nire boterea.


ARRAZAKERIA 
ETA GENOZIDIOA


Marciek azaldu zuen arrazakeria eta genozidioaren arteko ezberdintasuna. (Pertsona asko daude bien jomugan).


Langileak esplotatzeko erabiltzen da arrazakeria, azalaren kolorea aitzakiatzat hartuta. Kalte handia egiten die pertsonei, eta sarritan haien bizitzak murrizten ditu.


Jendearen lurrak eta baliabideak lapurtzea da genozidioa; horretarako, jendea “desagerrarazten” dute, baina ez bakarrik jendea hilda, baita seme-alabak eramanda, kultura ezabatuta, euren hizkuntzan hitz egitea debekatuta, zapaltzailearen erlijioa inposatuta (kristautasuna, Europan) edota autogobernua debekatuta ere.


Nik (Frank) ulertu nuenaren arabera, genozidioaren grabazioak izan daitezke, besteak beste, suizidioan pentsatzea, norberaren bizitza arriskuan jartzea, hurkoaren heriotzarekin larritzea, hil nahi izatea, norbere burua ez zaintzea, nekea, lotsa, haserrea, indarkeria, automutilazioa, abandonua, begi-bistatik kanpo geratzea, isilik geratzea, deskonektatuta sentitzea, harremanak izateko gai ez izatea, maite dituzun pertsonak suntsitzea edota adikzioak.


Gogoan dut nola bidali izan zituzten Europar haurrak barnetegi eta apaizgaitegietara (apaizak izateko), eta nola, han, hango basakeria instituzionalizatuak zerikusia izan zuen genozidioaren estutasunaren transmisioarekin.


GURE JATORRIA ALDARRIKATU


Luze aritu ginen lantegian honelako galderak egiten: zer egingo dugu jende zuriarekin?, lagundu diezaiekegu zuriei?, zer esan nahi du aldi berean garela zuri eta indigenak?, noiz da norbait indigena, eta noiz ez?, zer pentsatzen duzu Europako Iparraldeko jendeak Hegoaldeko jendearenganako duen jarrera arrazistari buruz? Marciek zehatz erantzun zuen, eta adibide asko eman. Erantzun eta istorio guztien artean, argi geratu zitzaidan gure jatorri propioa berreskuratu beharra daukagula. Ezin dugu ordezkatu gure historia eta grabazioei buruz egin behar dugun lana kultura zainduagoak izan dituzten indigenen erantzunekin.


Kristautasunak europar natiboen balioak eta espiritualitatea ezabatu edo eraldatu zituen: erritualak, zeremoniak eta ospakizunak, besteak beste. Eta pertsona “problematikoen” instituzionalizazioak bereizi egin zituen haiek beren sendalari eta adinekoengandik. Gertakari horien bidez, zurien arau eta balioak ezarri eta gogamena kolonizatu zieten indigenei. Gure gogamena nola izan den kolonizatua asaskatu behar dugu, klima-krisia eragin duten balioak barne.


Ni (Frank) hazi ninduen jendeak etorkizun hobea izango nuela espero zuen Herbehereetako zapalkuntza nazionala transmititzen bazidaten, zeinak herbeheretar asimilazio handiagoa izateko prestatu ninduen. Nire jendearen biziraupena asimilazioaren araberakoa zen. Harro egon naiteke egoera berrietara azkar egokitzeko izan zuten abileziaz. Brabante-k (Herbehereetako eta Belgikako eskualde bat) okupatzaile asko izan ditu azken bi mila urteetan.


Asimilazioa nire larritasunen erdigunean dago. Saiatu naiz hitz egiten agintariengandik, klase ertainetik edo herbeheretarrengandik gertu egon izan naizenetan. Eta oraindik kosta egiten zait nire ama hizkuntza hitz egitea herbeheretarrak (klase ertainekoak) gertu daudenean. (Nire lehen hizkuntza ipar brabantera da, eta, gutxienez, laurogeita lau aldaera ditu. Gutxi dokumentatuta dago, baina oraindik baditugu idazleak eta poetak.)


Batzuetan, asimilaziorako barne presioak baldar jokarazten dit, eta zakarra edo arerio bihurtzen naiz. Trabatuta gera ninteke herbeheretarrei errua botatzen, baina nire erronka da zapalkuntza barneratutik askatzea. Nire boterea estutasun hori berrebaluatzean datza, nahiz eta egungo arazoei aurre egitea beharrezkoa izan.


JABETZEA


Jabetzea da beste herri baten kultura eta espiritualtasuna bereganatzea, eta Europako historian eginkizun handia bete zuen. Erromatarrentzat euren politiketako bat izatera iritsi zen, eta Europa konkistatu zutenean, lurra eta jendea ez ezik, jendearen jainkoak, espiritua eta zeremoniak ere berenganatu zituzten.


Europarrek munduko beste leku batzuk kolonizatu zituztenean, espeziak, elikagaiak, arropa, artea, musika eta hitzak hartu zituzten –urre, zilar, olio eta lapurtu zituzten beste baliabide baliotsu guztiekin batera– Afrikatik, Asiatik, Ameriketatik eta Australiatik, eta europar munduan txertatu zituzten. Orduan, europarrek kultura propioa ahaztu, eta lapurtutako kultura eurena zela uste izan zuten. Hala, zaila egin zitzaien beraien jatorrizko identitateetara iristea.


Mendebaldeko herrialde batzuetan, jabetzea klase ertain zuriaren kulturaren parte bihurtu da. 1960ko hamarkadan, klase ertaineko europar zuri askok Indiara jo zuten espiritualtasuna berreskuratu nahian, eta itzuli ziren konexioarekin eta bizitza ulertzearekin dauzkagun behar izoztuak asetzen zituztela ziruditen ideia mistikoekin. Baina mistizismoak ez du ordezkatuko gure jendearekin konektatzeko daukagun beharra. Jasan ditugun galerak konpentsatzeko, ezin gara beste batzuen espiritualtasunaz jabetu.


Beste kulturetatik kopiatu beharrean, gauzak ulertzen saiatzera animatu gintuen Marciek.


ONBERATASUNA


Marciek “gomendatu” zigun atseginak izatea: zuriek eragindako genozidioak eta adimenaren kolonizazioak zurrun eta defentsiban jarrarazten gaituzten grabazioak laga dizkigutenez, haiei aurre egiteko norabide ona da atsegina izateko erabakia hartzea.


Hemen adierazi eta islatu dudan baino askoz gehiago egon zen lantegi honetan, eta beste asko egin gabe gelditu zen, ez baikenuen astirik izan. Horrek ikerketa eta saio asko eskatuko lituzke. Eta gure askapenaren zati bat da lan hori europar askori zabaltzea, geure auzotik hasita.


Itzultzailea: Juan Gabriel Urriategi, Euskal Herria

Nieuwegein, Herbehereak


(Present Time 198, January 2020)


Last modified: 2022-12-25 10:17:04+00